Gizartea -

C Hepatitisa

'Tratamendu berria larrien daudenei bakarrik ematea genozidioa da'

Osakidetzako irizpide ekonomikoak kritikatu dituzte C hepatitisa duten gaixoen plataformek, 4. fasean dauden gaixoak artatuko dituztelako orain. Gainerakoek 2016ra arte itxaron beharko dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

C hepatitisak kaltetutakoen euskal plataformek adierazi dutenez, gaixotasunari aurre egiteko tratamendu berriak zabaltzen "azkena" izango da EAEko osasun publikoa. Datozen hilabeteotan larrien dauden gaixoak "bakarrik" artatuko ditu Osakidetzak, eta gainerakoek 2016ra itxaron beharko dute. Kaltetuen arabera, beste erkidegoetan jada botika berriak ematen ari dira hain larri ez dauden gaixoei ere.

Eusko Legebiltzarrean egon dira gaur C hepatitisak kaltetutako plataformak; EH Bildu, PSE-EE, PP y UPyD taldeetako ordezkariekin batu dira, euren egoera azaltzeko. Ondoren, hedabideen aurrean eman dituzte azalpenak.

Jon Darpon Osasun sailburua gaur eguerdian da prentsaurrean agertzekoa,  C hepatitisari aurre egiteko  Osakidetzaren estrategia azaltzera.

Osasun Sailaren "gezurrak" salatu dituzte kaltetuek; C hepatitisari aurre egiteko tratamenduei dagokienean, "ez gaude ez lehendabizikoen artean, ez onenen artean",  esan dute. Tratamendu berri horiei esker, gaixoen % 90k aurre egitea lortzen du.

Osakidetzak plataformei jakinarazi dienez, 2015ean larrien dauden gaixoei bakarrik emango dizkiete botika berriak,  hau da, F4 fasean daudenei. F2 eta F3 fasean daudenak, hain larri ez daudenak, datorren urtera arte egon beharko dute tratamendu berriak jasotzeko. Gaixoen iritzian, neurri horrekin "Euskadi atzean" geratuko da.

"Itxaron edo emigratu"

Beste erkidegoetan F2 eta F3 fasean dauden gaixoak jada botika hauek jasotzen ari direla esan dute goizeko agerraldian. "Larri baldin bazaude, aurrera; gainerakoek itxoin egin behar dute, edota Burgosera edo Errioxara emigratu",  gaineratu dute. Botika berriak larrien daudenei bakarrik ematea "genozidioa" dela esan dute.

Medikuek botika hauek emateko jasotzen dituzten "jarraibideak" ere kritikatu dituzte, irizpide "klinikoetatik at" daudelako. Hala, Osakidetzako  kudeatzaileengan ez dutela "konfiantzarik" nabarmendu dute.

Osakidetzako arduradunen "gestio okerrak" euskal osasun sistema "arriskuan" jartzen duela adierazi dute. "Ez baldin badakite, edo gai ez badira, utz dezatela kargua", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Gaixotasunak albisteak Medikuntza albisteak Medizinak albisteak