Gizartea -

Polizia operazioa

Bizkaiko eta Arabako etxebizitzetan lapurtzen zuen taldea desegin dute

Gutxienez lau lapurreta egitea egotzi diete hiru laguni. Ertzaintzak ebatsitako dirua, bitxiak eta gailu elektronikoak atzeman ditu atxilotutakoen etxebizitzan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko eta Arabako etxebizitzetan lapurreta egitea egotzita, hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak. Bi anaia eta gizonetako baten emaztea dira atxilotutakoak; denei gutxienez lau lapurreta egitea leporatu diete. Agenteek ebatsitako bitxiak, telebistak eta dirua topatu dute atxilotutako hiru lagunen etxebizitzan.

Igandeko 23:00etan, etxean lapurreta egin ziotela salatu zuen Arrankudiagako bizilagun batek. Ertzaintzari jakinarazi zionez, gainera, auto susmagarri bat ikusi zuen etxebizitzatik Bilboko noranzkoan.

Autoa zaintzapean ipini zuten Ertzaintzaren agenteek eta biharamunean Zaramaton topatu zuten. Ibilgailua miatu ostean, Arrankudiagako etxetik ostutako hainbat gauza aurkitu zituzten poltsa baten barruan.

Autoaren jabeak atxilotu zituzten eta ondarearen kontrako delitua egotzita, polizia-etxera eraman.

Euren etxean ebatsitako hainbat material atzeman zituzten agenteek. Etxebizitzan gizonetako baten emaztea aurkitu zuten eta delitu bera egotzi diote. Ikerketa zabalik dirau.

Hiru lagunek delitu berengatik aurrekariak dituzte. Aurretik ere modu bertsuan jokatu zuten: ostutakoa lapurreta egindako lekutik gertu ezkutatzen zuten eta, egun batzuetara, jasotzera joaten ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea