Gizartea -

Sutea zahar-etxe batean

Zaragozako adinekoen egoitzak ez zuen irekita egoteko baimenik

2011ko ikuskatze batean atzemandako mantenu eta osasun akatsak konpondu gabe zituen, Aragoiko Gobernuak jakinarazi duenez.

Suhiltzaileak Zaragozako Santa Fe adinekoen egoitzan
Suhiltzaileak Zaragozako Santa Fe adinekoen egoitzan
Zortzi lagun hil dira Zaragozako zaharren egoitza bateko sutean

1:39

Agentzian | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean su hartu zuen Zaragozako Santa Fe adinekoen egoitzak ez zuen irekita egoteko baimenik, Aragoiko Gobernuak gaur jakinarazi duenez. Nonbait, 2011ko ikuskatze batean atzemandako mantenu eta osasun hutsunek konpondu gabe zituen eta, hortaz, 2012tik ez zuen irekita egoteko baimenik.

Zortzi lagun hil eta 12 zauritu ziren larunbatean ziurrena nahita piztu zuten sutean.

Maria Victoria Broto Aragoiko Hiritartasun kontseilariak azaldu duenez, exijitzen zitzaizkion neurriak "hartu gabe" zituela eta, irekita jarraitzeko baimena kentzen zion txostena egin zuen Kontseilaritzak 2012an. Txostena gorabehera, adinekoen egoitza ezin zitekeen itxi, prozesu administratibo bat jarraitu behar zuelako.

Broto Sebastian Celaya Aragoiko Osasun kontseilariarekin bildu da, sutearen nondik norakoak aztertzeko.

Hiru laguni senda-agiria emango diete gaur

Oraindik ospitalean dauden zaurituei dagokionez, hiruri gaur emango diete mediku-agiria eta Miguel Servet ospitaleko Zainketako Intentsiboetarako Unitatean dagoena hobeto dago.

Ikerketaren arabera, sutea hutsik zegoen solairu batean hasi zen (bertako gela bateko koltxoi batean, hain zuzen ere). Ez zegoen egoiliarrik bertan, eta ustezko erantzulea zauriak izan zituen adineko emakume bat izan daitekeela uste dute.

Hain justu, Broto kontseilariak argitu duenez, emakumea tratamendu psikiatrikoan dago.

Sutea larunbateko 23:30 aldera piztu zen Zaragozako Santa Fe zahar-etxe pribatuan, eta azken hamabost urteetan Estatuan horrelako egoitza batean sute batek eragin duen hildako kopuru handiena ekarri du.

Hil ziren zortzi egoiliarrez gain (74 eta 92 urte bitarteko zazpi emakumezko eta gizonezko bat), beste hamabi pertsona zauritu ziren. Zaurituetako zortzik senda-agiria jaso zuten atzo, eta Alfamen herriko zaharren egoitza batera eraman zituzten (Zaragozatik 44 kilometrora).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Egoitza geriatrikoak Adinekoak Aragoi gaur