Gizartea -

Donostian

Gizonezko bat atxilotu dute bi adingaberen aurrean biluzteagatik

Delitu beragatik atxilotu zuten otsailean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

41 urteko gizonezko bat atxilotu dute Donostian, adingabeen aurrean egindako ustezko exhibizionismo-delitua leporatuta. Norbanakoa bi gazteen aurrean biluzi zen haiek beren etxeko balkoian zeudela.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, egintzak ostiral arratsaldean gertatu ziren. Adingabe biak beren etxeko terrazan zeuden bitartean, auto bat gerturatzen ari zela ikusi zuten; biluzik zioan gizonezko bat zebilen autoa gidatzen, antza.

Adingabeak ikusi zituenean, gizonezkoa hainbat aldiz pasatu zen etxebizitzaren aurretik abiadura geldoan. Azkenerako, adingabeen arreta beregana zezakeen toki batean aparkatu zuen nahita ibilgailua.

Toki hartatik, gizonezkoak adingabeak ikus zitzakeen, baita haiek hura ere. Salaketaren arabera, egintza horiek guztiak gertatzen ari ziren bitartean, gizonezkoak hainbat zirri egin zizkion bere buruari.

Hara bertaratu ziren ertzainak egintza horien ustezko egilea aipatutako ibilgailuaren barruan aurkitu zuten. Gizonezkoak praka motz batzuk zeramatzan, erdi erantsita, eta haren barruko arropa eserlekuaren azpian zegoen, erdi ezkutuan.

Horren aurrean, agenteek norbanakoa atxilotu zuten adingabeen aurrean egindako exhibizionismo-delitua egotzita. Identifikatzen ari zirela, agenteek egiaztatu ahal izan zuten aipatutako norbanakoa otsailean ere delitu beragatik atxilotu zutela. Kasu hartan, bi adingaberengana hurbildu zen ikastetxerako bidean zihoazela. Haien arreta bereganatu ostean, prakak jaitsi zituen, eta genitalak erakutsi eta masturbatzeari ekin zion.

Behin polizia-eginbideak bukatuta, gaur (larunbata) goizean guardiako epaitegiaren esku utzi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak