Gizartea -

Istripua Frantzian

Zortzi euskal gaztek larri jarraitzen dute, horietatik bi oso larri

Autobusak 59 bidaiari zeramatzan, eta Lille (Frantzia) hirian izan du istripua, Bilbotik Amsterdamerako ibilbidea egiten ari zela.

Frantziako Gobernuaren ordezkaritzak EFEri utzitako argazkia
Frantziako Gobernuaren ordezkaritzak EFEri utzitako argazkia
Sei gazte egoera larrian baina egonkor daude Lilleko erietxean

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lilleko unibertsitate-ospitaleak jakinarazi duenez, sei dira larri dauden zaurituak gaur goizaldean izandako autobus-istripuaren ondorioz. Horietako bi (neska bat eta mutil bat) egoera kritikoan daude, sabeleko eta garezurreko traumatismoekin, hurrenez hurren. Ospitaleak plazaratu dituen datuen arabera, 35 pertsona artatu dituzte bertan, 8 zauri arinekin; beste 17ri dagoeneko alta eman diete, eta 18k ospitaleratuta jarraitzen dute.

Izan ere, Bilboko, Donostiako eta Gasteizeko 59 bidaiari garraiatzen zituen autobus batek istripua izan du Frantzia iparraldean, Lille hiritik gertu. Bidaiari gehienak unibertsitateko ikasleak dira (18 eta 25 urte bitartekoak), nahiz eta 17 urteko adingabe bat ere badagoen zaurituen artean. Ikasleekin batera bi gidari eta beste bi laguntzaile zihoazen, azken hauek euren bikotekideekin.

Istripua goizaldeko 5:15-5:30ak (03:15-03:30 GMT) bitartean jazo da, eta haren eraginez zaurituta gertatu diren gainerakoak beste zenbait erietxetan daude, eta psikologo-talde baten laguntza jasotzen ari dira. Espainiak Frantzian duen enbaxadak esan du bidaiarietako hainbatek ez dutela inolako zauririk; horrenbestez, horiek kiroldegi batean (Complexe Sportlif du Romarin) bildu dituzte. Gaua bertan emango dute, eta bihar ekingo diote itzulerako bidaiari trenez Parisetik.

Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, astelehen honetan Frantziara bidaliko ditu Guillermo Viñegra Osasun sailburuordea eta Antonio Arraiza medikua eta Osakidetzako Osasun Laguntzarako zuzendaria.

Accidente autobus Lille autobus istripua EFE

Tunel barruan trabatuta

Autobusak solairu bakarra zeukan, eta tunel bat igarotzen ari zela sabaia galdu du, tunelaren altuera txikiegia baitzen (2,60 metro); autobusak, ordea, 3,70 metro neurtzen ditu. Ezbeharra Lille hiritik hurbil jazo da, Romarineko irteeran, La Madeleine udalerri parean, hain zuzen ere. Joan zen ekainean, kamioi txiki batek istripua izan zuen leku berean, kasu hartan gidariak ez omen zuen ikusi tuneleko gehinezko altuera adierazten duen kartela.

Le voix du Nord tokiko egunkariari egindako adierazpenetan, La Madeleine herriko Sébastien Leprêtre alkateak esan du istripua askoz larriagoa izan zitekeela, "eserkelu batzuetako buru-euskarriak guztiz moztuta geratu direlako".

Frantziar Gobernuaren ordezkaritzak azaldu duenez, Livingston bidaia-agentziak kontratatutako autobuseko bi gidariak (unekoa eta haren ordezkoa) galdekatzen ari dira, ezbeharraren arrazoiak ezagutzeko. Iturri ofizialek diotenez, gidarietako batek onartu egin omen du GPSari jaramon egiten egon dela, ibilbideari behar bezalako arreta jarri beharrean. Alkoholemia-probei dagokienez, ezezko emaitza eman dute.

Accidente autobus Lille autobus istripua EFE

"Zonaldeko segurtasuna ez zen nahikoa"

Jean-Rene Lecerf Lilleko departamendu-kontseiluko presidenteak salatu duenez, autobus-istripua jazo den zonaldean segurtasunak araudia betetzen du, baina bertan dauden segurtasun-neurriak ez dira nahiko.

Kontseiluko presidenteak esanetan, errepide-kodeak eskatzen dituen abisu guztiak jarrita daude zonaldean, baina derrigorrezkoa ez den gailu osagarri bat falta da: tunelera iritsi baino 150 metro lehenago, metal-xafla batzuk osatutako atari moduko bat. Horri esker, tunelaren altuera ez duten ibilgailuk horren aurka joko lukete, eta ez lirateke tunelean sartuko.

Osasun-arreta

Istripuaren ondorioz arreta medikoa eta psikiatrikoa emateko martxan jarri den lantaldea zuzentzen duen François Ducrocq psikiatraren aburuz, datozen "12-24 orduak erabakigarriak izango dira" larri dauden zaurituen pronostikorako. Zauritu horiek suspertze-atalean daude, eta Ducrocqek haien egoera "arriskutsua" dela esan du.

Zauri arinekin dauden gainerakoek honako hauek dituzte: sudurra eta lepauztaia apurtuta, luxazioak sorbaldan, hematomak eta beste zenbait zauri. Norbanako horiei artatu ahala ematen ari zaie alta, eta haiekin batera psikologia-laguntzako lantaldea dago, itzultzaile batzuekin batera, haien esku-hartzea beharrezkoa izanez gero.

Ducrocq sendagileak zehaztu du istripua oso bortitza izan dela: "Lo joan dira, etzanda, eta ez dute burua eserlekuetatik kanpo ateratzen, horrek salbatu ditu".

Ospitaletan ez dauden bidaiariak jasotzen ari diren osasun-arretaren xedea, batez ere, eragin psikologiko handiena pairatu dutenak antzematea da, eragin hori arintzeko eta trauma osteko estresaren nahasmendurik ez agertzeko.

Euskadiko ospitaleak prest

Eusko Jaurlaritzak, ohar baten bidez, jakitera eman du Euskadiko ospitaleak zaurituak hartzeko gertu daudela, Frantziako osasun-agintariek horrela baderitzote. Hala ere, Gobernu autonomikoak gaineratu du momentuz ez dutela hori egitea komenigarri ikusten. Zaurituak egonkortzea, kontrolpean izatea eta datozen orduetan nola eboluzionatzen duten ikustea dira uneko gomendioak, haien lekualdaketaren gaineko erabakirik hartu aurretik.

Halaber, Jaurlaritzak dagoneko badauka zauriren bat izan duten gazteen zerrenda, eta familiakoen edo gertukoen esanetara jarri da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bitartez, haien senideen egoeraren berri emateko.

Hezkuntza ministroaren interesa

Iñigo Méndez de Vigo Hezkuntza ministroa Lilleko Espainiako kontsuletxearekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin jarri da harremanetan, ezbeharraren nondik norakoak ezagutzeko eta laguntza eskaintzeko, hala behar izanez gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Bilboko azken albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Frantzia argazkiak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Gazteak albisteak