Gizartea -

Lau 17 egunetan

Bi emakumek sexu-erasoak jasan dituzten azken orduotan Getxon

Antza denez, igande goizaldean, neska bat etxera zihoala, bi gizon hurbildu zitzaizkion eta ukituak egin zizkioten. Beste emakume batek ere ukituak jasan zituen larunbatean.

Ehunka lagun bildu dira Getxoko eraso sexisten aurkako elkartaratzean

1:10

EITB.EUS | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den asteburuan beste bi sexu-eraso salatu dituzte Getxon: larunbatean emakume baten kontrakoa eta igande goizaldean neska baten kontrakoa. Horren aurrean, elkarretaratzea deitu du Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak, erasoen aurrean ''gaitzespena'' eta ''gogaitasuna'' agertzeko.

Segurtasun sailaren arabera, lehenengoan gizonezko bat inputatu dute, ustez ukituak egiteagatik Fadurako polikiroldegiko langile batu. Getxo Kirolakek, ordea, ezeztatu egin du asteburuko erasoetako bat Faduran gertatu izana eta erasotutako emakumea bertako langilea izatea. Halaber, bat egin du Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordearen adierazpenarekin.

Bestalde, bi gizonezkok sexu-erasoa egin zioten neska bati igande goizaldean Getxoko Algorta auzoan, etxera zihoanean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez, gaztea etxerako bidean zihoala, bi gizon hurbildu zitzaizkion eta ukituak egin zizkioten. Eraso egin ostean, bi erasotzaileek ihes egin zuten. Erasoa jasan zuen neskak salaketa jarri zuen Ertzaintzaren aurrean, eta, ondorioz, ikerketa abiatu dute gertatutakoa argitzeko eta erasotzaileak identifikatzeko.

Getxon 17 egunetan izan den hirugarren eta laugarren erasoak dira hauek.

Erasoak salatzeko, elkarretaratzea deitu dute Algortako Telletxe plazan gaurko, 20:00etan. Ehunka lagun bildu dira manifestazioan.

Udalak ere elkarretaratze isila deitu du biharko, hilak 18, 20:00etan, Algortako Tren Geltokiaren plazan. Horrez gain, herritarrei dei egin diete ''emakumeen kontrako eraso guztiak salatu eta erasotzaileak identifikatu'' ditzaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo argazkiak