Gizartea -

Klitoriaren mutilazioa

Euskadin bizi diren lau ahizpari ablazioa egin diete Malin

'El Mundo' egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, oporretan gurasoen herrialdera joan zirenean egin zieten klitoriaren mutilazioa. Adingabeen Fiskaltza kasua ikertzen ari da.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araban bizi diren lau ahizpari ablazioa edo klitoriaren mutilazioa egin diete berriki Malin, hain zuzen, gurasoen jaioterrira oporretara joan direnean, El Mundo egunkariak kaleratutako informazioaren arabera.

EAEko Adingabeen Fiskaltzak ikerketa ireki du 14 urteko ahizpa zaharrenak gizarte langile bati egindako salaketaren ondotik. Adingabeak gertaturikoa kontatu zion gizarte langileari eta gainerako hiru ahizpak ere ablazioaren biktima izan zitezkeen susmoa agertu zion. Aitona-amonak jo zituen mutilazio genitalaren erantzule.

Auzitegi mediku batek lau adingabeak aztertu eta ablazioaren zantzu objektiboak aurkitu ditu.

Horren aurrean, EAEko Adingabeen Fiskaltzak lau neskak babesteko neurriak hartu ditu.

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak Radio Euskadin baieztatu egin du Adingabeen Fiskaltza kasua ikertzen ari dela, eta delitu zantzuak egon daitezkeela gaineratu du. Espainiako justiziak horrelako kasuak ikertzeko eskumenik duen galdetuta, Calparsorok azpimarratu du baduela eskumena ustezko delituak atzerrian gertatu arren biktimak EAEn bizi direlako. Hala ere, aitortu du zaila izango dela ikerketa egitea eta arduradunak epaitzea, batez ere, Malin ez dagoelako penalki zigortuta ablazioa.

Ablazioak haur horien gurasoengan izan ditzakeen ondorioez galdetuta, Calparsorok esan du Fiskaltza, Diputazioa eta gizarte zerbitzuak jakinaren gainean daudela, eta haurren zaintza gal dezaketela behin betiko edo behin-behinean.

Bestalde, Calparsororen esanetan, aurretik ere antzerako kasuak izan dira, eta EAEn protokolo bat dago halakoetarako. Bertan, gizarte zerbitzuek, Osakidetzak eta foru diputazioek parte hartzen dutela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea