Gizartea -

Indarkeria matxista

Mugikorreko app batek tratu txarren biktimak aurkitzea ahalbidetuko du

Tresna beste delitu batzuen aurkako borrokan erabiltzen dute, dagoeneko, eta geolokalizazioan dago oinarrituta. Genero-indarkeriaren gaineko atal zehatza izango du aurrerantzean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Martinez Segurtasun Estatuko idazkariak iragarri du indarkeria matxistaren aurkako borrokan beste tresna bat erabiliko dutela, hemendik aurrera: alegia, mugikorraren bidezkoa da, eta horri esker biktimek euren kasua salatu ahal izango dute eta Polizia berehala bertaratu ahal izango da hari laguntza emateko.

Martinezek azaldu duenez ("Alertcops" izena izango du), geolokalizazioan oinarritzen da aplikazioa, eta dagoeneko erabiltzen ari dira. Herritarrek edozein gertakizun edo delitu salatu ahal izango dute, “lapurretak, bandalismoa edo eskola-gehiegikeria, adibidez”.

Tresna hau "oso erabilgarria" izango da; izan ere, biktimek salaketa-kate berria izango dute. "Emakumeek erreakzionatzeko eta haiek babestu ahal izateko aukera handiagoa izango da".

"Sartuko dugu, aplikazio horretan, genero-indarkeriaren gaineko atal espezifikoa", zehaztu du Martinezek prentsaurrekoan, Alfonso Alonso Osasun, Gizarte Gai eta Berdintasun ministroarekin batera.

Espainiako Gobernuaren protokolo berria

Bestalde, Espainiako Gobernuak iragarri du indarkeria matxistaren biktima izateko arriskua baloratzeko protokoloa berrituko duela, eta datu zehatzagoak zainduko dituzte, sare sozialetako mehatxuak eta egoera pertsonala, besteak beste.

Protokolo berriak 39 adierazle izango ditu, 16 izan beharrean, eta sei hilabetez egingo dute aproba. Hala ere, bi protokoloekin jarraituko dute aldi berean, berriaren ekarpena neurtzeko, Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkariak azaldu duenez.

Akordio horretxetara iritsi da Gobernua Genero Indarkeriari buruz Moncloan egin duen bileran. Bertan izan dira Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordea, Alfonso Alonso Osasun ministroa, Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntzakoa eta Rafael Catala Justiziakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Telefonia mugikorra albisteak Gizartea bideoak