Gizartea -

Donostia

Bigarrenez hutsean geratu da Kortxoenea gaztetxea eraisteko asmoa

Eraikinaren jabe den enpresako langileek hesiak paratu, baina gerora, berriro kendu dituzte. Ertzaintzak lagun bat identifikatu du.

Kortxoenea
Kortxoenea
'Lasaitasuna' Kortxoenean

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarrenez, hutsean geratu da Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraisteko asmoa. Goizean eraikinaren jabe den enpresako langileek hesiak jarri dituzte, epe labur batean eraitsi ahal izateko. Gerora, baina, kendu egin dituzte.

Operazioa 08:30ean hasi da. Bertara joan dira beharginak, udaltzainak eta Ertzaintzako agenteak. Gaztetxe barruan 20 bat lagun zeuden eta kanpoaldean, apurka-apurka ugaritzen joan den jende taldea. Izan ere, eraisteko asmoen berri izan eta berehala, gaztetxea babesteko deia egin dute Kortxoeneako kideek sare sozialetan.

Irailaren 4an jazo zen moduan, udaltzainak eta enpresako langileak bertaratu dira Kortxoeneara, eraikina behera botatzeko lanei ekiteko asmoz. Orduko hartan, eraistea bertan behera utzi zuen Donostiako Udaleko Hirigintza sailak, "beharrezkoak ziren baldintzak" betetzen ez zirela argudiatuta. Izan ere, eraikina botatzeko segurtasun hesiak jarri gabe zeuden.

Ertzaintza ere hurbildu da gaur Donostiako Gros auzoan dagoen gaztetxera eta barruan zegoen gazte bat identifikatu du. Kortxoenean zeuden gazteek uko egin diote parkingeko atea zabaltzeari, eta beraz, enpresako langileek ezin izan dituzte hesiak paratu. Dena dela, agenteek Groseko Gazte Asanbladari jakinarazi dionez, enpresak salaketa jarri du okupazioaren kontra eta eraikina husteko agindua eska lezake.

Gaztetxeko kideek "24 orduko mobilizazio dinamika" jarri dute martxan.

Alkatea, gaztetxeko kultur proiektuei baliabideak eskaintzeko prest

Ingurumaria honetan mintzatu da gaur Eneko Goia Donostiako alkatea. Esan duenez, 2010ean EH Bilduren udal gobernuak onartutako plan orokorraren moldaketak betetzen ari dira orain Udala.

Irailaren 4an, EH Bilduk kritika gogorrak egin zizkion Donostiako EAJ-PSE koalizioari Kortxoenea gaztetxea botatzeko ardura aurreko udal-gobernuari leporatzeagatik. "Bilduren gobernuari eraisketa baimentzea proposatu zitzaion, baina honek uko egin zion eta gaztetxearekin elkarlanean aritu zen alternatiba zehatz bat mahai gainean jarri arte", gaineratu zuen koalizioak.

Dena dela, gaztetxeko kultur proiektuei baliabideak eskaintzeko prest dagoela nabarmendu du.

Gune autogestionatu bat bermatzeko Kortxoeneako gazteekin hitz egitea eskatu dio EH Bilduk Eneko Goiari

Gazteei gune autogestionatu bat bermatzeko Kortxoenea gaztetxeko kideekin hitz egiteko deia egin dio Donostiako EH Bilduko udal taldeak Eneko Goia Donostiako alkate jeltzaleari.

Halaber, EH Bilduk gogoratu du aurreko legegintzaldian pauso nabarmenak eman zituela "Donostiako gazteei lokal autogestionatuak bermatzeko eta, Eneko Goiak hala nahi badu, eredu hori aplika dezake Kortxoenean ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Ertzaintza Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Gazteak albisteak