Gizartea -

Astelehenetik aurrera

Osakidetzak gripearen aurkako 380.000 txerto banatuko ditu

1,2 milioi euroko kostua izango du aurtengo kanpainak, 3,15 euroko gastua txerto bakoitzeko. Txertoak A motako bi andui eta B motako beste bat izango ditu.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Gripearen kontrako txertaketa kanpaina urriaren 5ean hasiko da

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren astelehenetik aurrera gripearen kontrako 380.000 txerto banatuko ditu Osakidetzak. Kanpainak 1,2 milioi euroko kostua izango du aurten, 3,15 euro txerto bakoitzeko.

Kanpaina Bilbon aurkeztu du gaur Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Kanpaina azaroaren 30era arte luzatuko da. EAE gripearen aurkako txertaketa hasten duen aurreneko erkidegoa izango da.

Gripearen birusa aurreko urteetakoaren oso antzekoa izango dela azaldu du Darponek. Horrela, txertoak A motako bi andui eta B motako beste bat izango ditu.

Iaz 65 urtez gorakoen % 60k txertoa jaso zuten eta emakume haurdunen % 22k, 2013an baino lau aldiz gehiago.

Jon Darpon Osasun sailburua efe

Jon Darpon Osasun sailburua txertaketa-kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

Osasun sailburuak mezu argia zabaldu nahi izan dio euskal gizarteari: "Oso garrantzitsua da gripearen kontrako txertoa hartzea. Txerto segurua eta eraginkorra da, eta larria den gaixotasun horri aurre egiteko gaur egun dugun prebentzio tresna nagusia da".

Iragarri duenez, aurtengo kanpaina ere 65 urtetik gorako pertsonei, gaixotasun kronikoak dituztenei, haurdun dauden emakumeei eta osasun langileei dago zuzenduta.

Osasun sisteman arreta handia eskaini behar izaten zaio urtero gripeari, eta arazo larriak eragiten dizkie ahul dauden pertsonei; izan ere, kasu batzuetan hil ere egiten du.

Jakitera eman duenez, iaz gripeagatik larri ospitaleratu zituztenen hamarretik lauk ez zuten txertoa jarri eta "ziurrenik, jarri izan balute, askok saihestu egingo zituzketen ospitaleratzea eragin zuten arazoak".

Aurreko gripe denboraldian gaixotasunak eragindako arazoak zituzten 17 pertsona hil ziren ospitalean, eta % 35ek ez zuen txertoa jarri.

Datu horiek agerian uzten dute prebentzioaren garrantzia eta, txertoaz gain, Osakidetzak berretsi du higienearekin lotutako neurriak ere errespetatu behar direla: eskuak askotan garbitzea eta behin bakarrik erabiltzen diren mukizapiak erabiltzea.

Gripearen kontrako txertoak gaixotasuna % 100ean saihesten ez badu ere, sintomak gutxitzen ditu neurri handi batean. Hau da, bakunak infekzioa galarazten du kasu askotan eta, gainerakoetan, gaixotasunaren larritasuna murrizten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak Gizartea Osasun albisteak Txertoak albisteak