Gizartea -

Pobrezia

300 lagunek baino gehiagok kalean egiten dute lo egunero EAEn

Horrez gain, 1.500ek etxerik ez duten pertsonentzat paratutako tokietan igarotzen dute gaua. Gizonezkoak, atzerritarrak eta gazteak dira gehienak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

300 lagunek baino gehiagok egiten dute lo egunero Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kaleetan, eta 1.500ek etxerik ez duten pertsonentzat paratutako tokietan igarotzen dute gaua, Euskadiko bizitegi-bazterketa egoera larria bizi duten pertsonen ikerketaren arabera.

Datua EAEko 10 udalerritan 2014ko urriaren 29 eta 30 arteko gauean egindako zenbaketa bati dagokio. Hainbat ikertzailek Barakaldon, Bilbon, Getxon, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Donostian, Irunen, Laudion eta Gasteizen eman zuten gaua, kalean edo aterpetxeetan lo egiten zuten pertsonak zenbatzeko. Guztira, 1.836 lagun zenbatu zituzten.

Horietako 323k (% 17,6) kalean egiten zuten lo, baina, ikertzaileek ohartarazi dutenez, baliteke 550 pertsona izatea egunero kalean lo egiten dutenak, lagun asko zenbaketa horretatik kanpo geratu zirelako, seguru. Gainerako 1.513ak (% 82,4) etxerik gabeko lagunentzat paratutako aterpetxeetan zenbatu zituzten.

Bizkaia Aretoan pobreziaren eta gizarte bazterketaren inguruan egiten ari diren jardunaldi batzuetan eman dute ikerketaren berri.

Horren arabera, Araban dago egoera larriena, 1.000 biztanleko 0,923 etxerik gabe baitaude. 0,888koa da tasa hori Gipuzkoan, eta 0,785koa, berriz, Bizkaian.

Hamarretik zazpi, Bilbon eta Donostian

Kalean lo egiten duten lagunei dagokienez, Bilbon eta Donostian zenbatu dituzte gehien (% 70). Dena dela, biztanleari erreparatuta, etxerik gabeko lagunen tasa handiena Donostiak eta Irunek dute. Kalean atzemandako 323 lagunetatik 141 Bilbon (% 43,7) eta Donostian (% 27,6) pasatu zuten gaua.

10 lagunetik zortzik Gasteizko, Bilboko eta Donostiako aterpetxeetan eman zuten gaua.

Etxerik gabekoa: gizona, atzerritarra eta gaztea

Txosten horretan jasotako lagunen % 77 gizonezkoak ziren; % 52, atzerritarrak, eta % 40, 35 urtez azpikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa