Gizartea -

Ikerketa, zabalik

Adingabe bat atxilotu dute Gasteizen, indarkeriaz lapurtzeagatik

Ertzaintzaren arabera, akusatuak lau lapurreta egin ditu gutxienez, biktimei modu berean eraso egiten zielako.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

17 urteko gazte bat atxilotu dute Gasteizen, indarkeriaz lapurtzea egotzita. Biktimak guztiak adingabeak ziren, eta, eraso egiteko, arma zuria erabiltzen zuen edo bultzadak ematen zizkien. Bere helburua mugikorrak eta bestelakoak lapurtzea zen.

Ertzainek urtarrilean zabaldu zuten ikerketa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez. Orduan, norbanako batek adingabe bat kikildu zuen bere mugikorra lapurtzeko, bultzadak eta kolpeak emanez.

Irailean eta urrian, berdintsuak diren beste hiru lapurreta izan dira Gasteizen. Gainera, lapurra deskribatzeko orduan biktimek bat egin dutenez, Ertzaintzak uste du erasotzailea pertsona bera dela.  Hori dela eta, susmagarria atzo, asteazkena,  atxilotu zuten.

Lapurraren helburua berdina zen kasu guztietan: biktimaren sakelako telefonoa, erlojua edo eskumuturrekoa eta  diru-zorroa. Ikerketak zabalik jarraitzen du lapurreta gehiago egin zituen jakiteko, eta hala balitz, beste inoren laguntzarik izan zuen argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak