Gizartea -

AVP-EKE

Mikel Ayestaranentzat 2015eko Euskal Kazetariak saria

Nazioarteko kontuetan aditua da, EiTB taldearentzat berriemaile gisa jarduten du.

Mikel Ayestaran, EiTBren nazioarteko berriemailea. Argazkia: ETB
Mikel Ayestaran, EiTBren nazioarteko berriemailea. Argazkia: ETB
Mikel Ayestaran, EiTBren nazioarteko berriemailea. Argazkia: ETB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Ayestaran kazetari beasaindarrari egokitu zaio Euskal kazetarien Elkarteak (AVP-EKE) antolatutako eta BBK Fundazioak, Euskaltelek eta Bilboko Udalak diruz lagundutako Euskal Kazetariak saria.

Hala, Ayestaranek jasoko du Euskal Kazetariak saria, gerra guneetan egindako lan bikainagatik. Ayestaran freelance kazetari-lanetan aritzen da, eta EiTB taldearekin lotura hertsia dauka, berarentzat aritzen baita lanean berriemaile gisa. Nazioarteko kontuetan aditua da, batez ere Ekialde Hurbileko gaietan; hori dela eta, Jerusalemen bizi da, handik eskualde hartako nondik norakoak bertatik bertara jarraitu ahal izateko.

Laugarren urtea da saria banatzen dutela; asmoa da EAEko profesional baten lana aitortu eta goraipatzea, "bere lana Euskadin, zein nazio eta nazioarteko mailan, duen oihartzunagatik, gure ogibidearentzat eredu eta harrotasunerako arrazoi" denean, dio antolakuntzak ohar batean. Sari banaketa azaroaren 24an izango da, 19:00etan, Bilboko Kale Nagusiko BBK Aretoan.

Honako hauek dira aurtengo edizioko beste saridunak:

"Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria"

Hirugarrenez banatuko dute saria, eta aurten Kazetari mexikarren kolektiboak jasoko du. Kazetari eta ikertzaileek, egindako ikerketengatik eta salaketengatik, droga-trafikatzaileen jo-mugan izan dira.

Ibilbide Profesionalari saria

Maria Jesus Gandariasbeitiak jasoko du aurten lehen aldiz banatuko duten saria. Urte asko eman ditu Gandariasbeitiak Deia egunkariaren gizarte eta kultura sailetako arduradun gisa.

Giza/Instituzioari saria

Aurrekoa bezala, lehen aldiz banatuko dute saria eta Naiara Garcia STOP Sanfilippo ekimeneko kideari egokituko zaio, bere hiru seme-alabek pairatzen duten gaixotasun latza hedabideetan agertzeko egin duen lan bikainagatik.

Kazetaritza Digitala

Azkenik, Begoña Beristainek jasoko du aurten ere aurrenekoz banatuko duten saria. Beristain Onda Vascako kazetaria da eta Veterana B izeneko blogean egindako lana goraipatu nahi izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Mikel Ayestaran azken ordukoa Kazetaritza azken ordukoa