Gizartea -

Lau urteko erregimen erdi-irekia, Tafallako gaztearen hilketagatik

Gaur kaleratutako ebazpenean, lesio-delitua eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzi dizkio magistratuak adingabeari.

Gazteen arteko liskarra izan zen kalea, Tafallan.
Gazteen arteko liskarra izan zen kalea, Tafallan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roberto Requena Tafallako 16 urteko gaztea zuhurtziagabekeriaz hiltzea egotzita, lau urteko erregimen erdi-irekia ezarri dio epaileak akusatuetako bi adingabeetako bati: 30 hilabete adingabeentzako zentro batean igaro beharko ditu, eta beste 18, zaintzapean aske. Otsailaren 10ean hil zen Requena, liskar batean larri zauritu ondoren.

Gaur kaleratutako ebazpenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, lesio-delitua eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzi dizkio magistratuak gazteari, eta 250.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die biktimaren gurasoei. Akusatuta zegoen beste adingabea absolbitu egin du epaileak.

Akusazio partikularrak adingabeentzako zentro batean, erregimen itxian, 8 urteko zigorra ezartzeko eskatu zuen akusatuetako batentzat, hilketa delitua egotzita. Bestearentzat, berriz, bost urteko zigorra eskatu zuen, erregimen itxian, eta hiru urte, zaintzapean aske.

Epaileak bere idatzian zehazten duenez, otsailaren 9an bi neska talderen arteko liskarra izan zen Tafallan, gazteentzako lokal batean. Neska horien artean, zigortutako mutilaren arreba zegoen. Roberto Requena neskak banatzen saiatu zen.

Hori gertatu zen lekutik gertu, kale estu batean, Requenak eta zigortutako gazteak elkarri zerbait esan zioten, eta, ondoren, biktimak "ukabilkada bat jaso zuen eskuineko begian". Kolpearen ondorioz, lurrera erori zen, eta "buruarekin lurra bortizki jo zuen".

Buruan hartutako kolpearen ondorioz, lurrean botata geratu zen, konorterik gabe: burezurra hautsita zuen, eta koma egoeran eraman zuten erietxera. Hamar ordura zendu zen, Nafarroako Ospitalean.

Magistratuaren arabera, zigortutako gazteak adimen-atzerapen arina eta portaera arazoak ditu, eta hori kontuan hartu du zigorra ezartzerakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tafalla bideoak