Gizartea -

Espazioa

Espazioko zabor zati batek Lurra jo du

1-2 metro dituen zatia atmosferan sartu da. Ilargira egin berri duten misioaren zati bat izan daiteke, edo 'Apolo' garaiko hondakin bat.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espazioan zebilen zabor zati misteriotsu batek Lurra jo du gaur. Zehazki, Indiako Ozeanoan, Sri Lanka hegoaldean, erori da. WT1190F deitura jarri diote hondakinari.

WT1190F zabor zatia berezia da oso, Ilargiaren orbitatik harago dauden espazio hondakinen "galdutako" pieza bat baita. Orain gutxira arte, identifikatu gabe zeukaten zientzialariek.

Urrian Catalina Sky Survey programaren baitako teleskopio batek atzeman zuenetik, zati honen jarraipena egiteko behaketa taldea sortu dute. Aukera zientifiko paregabea zen erorketa, Nature.com webgunearen arabera. Horrez gain, espazioko objektu batek Lurra jo eta arriskua eragin dezakeenetan astronomoek jartzen dituzten neurriak baloratzeko ere balio dezake.

Zientzialariek WT1190F atzeman zutenean, ez zekiten nondik zetorren eta zer izan zitekeen. Handik gutxira, baina, bere ibilbidea kalkulatzeko gauza izan ziren, Bill Gray astronomia software independente baten sortzaileak argitu duenez.

Grayren kalkuluen arabera, zabor zatia Euskal Herrian 07:20 direnean heltzekoa zen Lurrera, Sri Lankatik 65 kilometro hegoaldera dagoen puntu batean. Zati handi bat, dena ez bada, atmosferan desegingo zen.

Objektuak 1-2 metro artean du, eta dentsitate baxukoa da (litekeena da barrutik hutsik egotea). Ilargira berriki egindako misio bateko kohete baten zatia izan liteke, baina bada beste aukera bat; zabor zatia zaharragoa izatea, 'Apolo' misioaren garaikoa, adibidez.

Slooh webguneak, astronomia herritarrengana zabaltzeko nazioarteko proiektuak, zuzenean eskaini du WT1190F Lurrera iristen zen unea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea