Gizartea -

Donostia

Martuteneko bi preso atxilotu dituzte Estatu Islamikoari laguntzearren

24 urteko gizon marokoar bat eta naziotasun espainiarreko 32 urteko beste gizonezko bat dira atxilotuak. Hirugarren graduan zeudenez, kalera ateratzeko baimenak zituzten.

Ustezko bi jihadista atxilotu dituzte Martuteneko espetxean

1:51

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak iragarri du bi pertsona atxilotu dituztela Donostian Estatu Islamikoari laguntzea leporatuta, Auzitegi Nazionalak zuzendutako polizia-operazio baten baitan.

"Bi pertsona atxilotu dituzte talde terroristari laguntzea eta terrorismoa goratzea leporatuta", adierazi du ministroak Bruselan. 24 urteko gizon marokoar bat eta naziotasun espainiarreko 32 urteko beste gizonezko bat dira atxilotuak, eta zigorra betetzen ari ziren Martuteneko espetxean.

Barne Ministerioaren arabera, bi atxilotuak delitu komunengatik ari ziren zigorra betetzen, hirugarren graduan, eta kalera ateratzeko baimenak aprobetxatzen omen zituzten terroristei laguntzeko eta terrorismoa goratzeko.

Espainiako Poliziaren Donostiako agenteek egin dute operazioa. Bietako bat espetxean atxilotu dute eta, bestea, Zumarragan, bertan lan egiteko baimena baitu.

Aipatu iturrien arabera, Poliziak Errenterian atzeman zuen magrebtar talde bat, Estatu Islamikoaren ideologiarekin bat egiten ari zena, eta orduan jarri zen ikerketa abian.

Dirudienez, kalera ateratzeko baimenak aprobetxatzen zituzten Estatu Islamikoaren propaganda trukatzeko, adoktrinatzeko eta terrorismoari gorazarre egiteko.

Atentatuak, exekuzioak, lepo mozketak eta haurren entrenamenduak jasotzen zituzten bideoak zabaltzen zituzten.

Eduki horiekin batera, biktimen kontrako irainak, egileen gorazarrea eta "Espainiako funtzionario guztien" kontrako mehatxuak zabaltzen zituzten.

Fernandez Diazek esan du "terrorismo informatikoa" egiten zutela, hau da, Internet bidez indarkeriazko ekintzak zabaltzeaz arduratzen zirela, eta marokoarra omen zen buruzagia.

Duela denbora dezente hasi omen zen ikerketa, baina atxiloketak bizkortu dituena Interneten argitaratu berri duten bideo bat izan da, pasaportea erretzen agertzen baita atxilotuetako bat irudietan, ministroak azaldu duenez.

"Taldeari leialtasuna erakusten dion eta nortasunari eta nazionalitateari uko egiten dion erritual bat da", zehaztu du.

Ministroak gaineratu du ikerketak irekita eta sekretupean jarraitzen duela, pertsona gehiago identifikatu nahi baitituzte.

"Hanka-sartzea izan behar du"

Preso marokoarra lan egiten zuen enpresako jabeak, Eugenio Gonzalezek, uste du dena "hanka-sartze bat" izan dela.

Horren esanetan, bere langileak ez du inoiz zantzurik erakutsi erradikalizatu egin dela ondorioztatzeko.

Duela urtebete hasi zen lanean marokoarra Zumarragako Met-Meka enpresan, eta, horren ondorioz, lan baimena jaso zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Estatu islamiarra berriak Albisteak