Gizartea -

DONOSTIA

Iragarle faltsu bat atxilotu dute Donostian, iruzurra egotzita

Donostian atxilotu dute ustezko iruzurgilea, Azpeitiko bizilagun batek, joan den hilabetean, jarritako salaketa baten ondotik: 23.500 euroko iruzurra egin ziola salatu zuen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen asteartean, Donostian, iragarlea zela esan, eta bezero bati iruzurra egiteagatik. Hain zuzen, Azpeitiko bizilagun bati 23.500 euroko iruzurra egin zion. Atxilotutakoak aurrekari penalak zituen, antzeko beste delitu batzuengatik.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, azaroan abiatu zuten ikerketa, Azpeitiko herritar batek jarritako salaketaren ondotik. Antza, egunkari batean iragarkia ikusi ondoren joan zen ustezko iragarlearen kontsultara. Zor bat kobratzeko arazoak zituen, eta hori dela eta erabaki zuen kontsulta horretara joatea.

Antza, bere arazoa azaldu ondoren, iragarle faltsuak erritual bat egitea agindu zion; 23.500 euro pote batean sartu eta pote hori zigilatzeko eskatu zion, hori eginda galdutako dirua berreskuratuko zuela aginduz.

Bezeroaren deskuidu bat aprobetxatuta, iragarle faltsuak potean zegoen dirua hartu, eta horren lekuan egunkari zatiak sartu zituen. Etxera joan eta potea hurrengo egunera arte ezin zuela zabaldu esan zion. Esandakoa egin, eta biharamunean potea zabaldu zuenean, iruzur baten biktima izan zela ohartu zen azpeitiarra. Salaketa jarri zuen Ertzaintzaren komisarian.

Donostiako etxebizitza bateko logela alokatu zuen iruzurgileak bezeroak hartzeko, baina Ertzaintzak ez zuen bertan topatu. Atzo arratsaldean aurkitu zuten, beste leku batean, eta preso hartu. 35 urteko gizonezkoak aurrekari penalak zituen, antzeko delituengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Azpeitia argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak