Gizartea -

Osasuna

Gurutzetak erradioterapia-saioak murrizten dituen azeleragailua du

Ekipamenduak 2,7 milioi euroko inbertsioa ekarri du. Hemendik aurrera, paziente onkologikoen batezbesteko saioen kopurua 15ekoa izango da; orain arte, 25ekoa izan da.

Urkullu lehendakariak ospitalea bisitatu du. Argazkia: EiTB.
Urkullu lehendakariak ospitalea bisitatu du. Argazkia: EiTB.
Minbiziari aurre egiteko tresna berria, Gurutzetako ospitalean

0:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurutzetako Ospitale Unibertsitarioak lau dimentsioko azeleragailu lineala instalatu du. Ekipamenduak 2,7 milioi euroko inbertsioa ekarri du, eta paziente onkologikoaren tratamendua hobetzen du; izan ere, pazientearen erradioterapia-saioen batezbesteko kopurua murrizten du.

Gailuak bere arloko teknologiarik aurreratuena du. Ospitaleak bazuen bat, hau bereganatu baino lehenago, eta gaur egun mota honetako hiru ekipo ditu, Erradioterapia zerbitzuari atxikita, minbizia erradiazio ionizagarria erabiliz tratatzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jon Darpon Osasun sailburuarekin eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, ospitaleko zerbitzua bisitatu du. Urtero, 1.600 paziente berri artatzen ditu, eta erreferentzia-zentroa da, tumore pediatriakoetako erradioterapiari dagokionez, Bizkaian, Araban eta Kantabrian. Urkulluk nabarmendu du Osakidetzak berrikuntza teknologikoan eta ekipamenduan inbertitzen jarraitzen duela, "haren gaitasuna kontuan izanik", eta esan du azeleragailu lineal berri hau dela "legegintzaldiko osasun-materialaren berritzerik garrantzitsuena", eta, horri esker, Osakidetza erradioterapia-zerbitzuaren abangoardian kokatzen dela.

Saioen batezbesteko kopurua, 25etik 15era

Lehendakariak azaldu du ekipamenduak onura sozial zuzena duela; izan ere, pazienteek pairatu behar duten saioen batezbestekoa 15ekoa izango da, eta gaur egun, 25ekoa da. Horrek ekarriko du, Urkulluren esanetan, artatutako pazienteen kopurua handiagoa izango dela, eta saioak laburragoak izango direla.

Gainera, nabarmendu du tumore goiztiarrekin edo tumore-zama txikia denean, "kirurgia ez den beste aukera bat eskaintzen dugu; emaitzak oso antzekoak dira".

Datorren urtean Basurtuko Ospitaleak eta 2017an Donostiako Ospitale Unibertsitarioak, Gurutzetakoa bezalako azeleragailu lineala izango dute; hori dela eta, zerbitzuen arteko koordinazio eta integrazioa hobea izango da.

Urkulluk nabarmendu du nola minbizia, gaur egun, eritasun kroniko sendagarria bilakatzen ari den, "aurrerapen zientifiko eta teknologikoei esker, eta baita medikuntza-profesionalen prestakuntza eta espezializazioarekin".

Azpimarratu du Euskadin "kaltetutako lagunen ehunekoak eta osasun-emaitzak Europako gainerako herrialdeetakoak bezalakoak" direla.

Lehendakariaren esanetan, aurten 117.000 mamografia egin dituzte, eta 598 bular-minbizi antzeman dituzte. Legegintzaldi honetan, gainera, kolon-ondesteko minbiziaren bahetze-programaren zabaltzea burutu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Urkullu azken albisteak Gurutzetako Ospitalea albisteak