Gizartea -

GABADI UDALERRIAN

Hegazti-gripea atzeman dute Nafarroa Behereko etxalde batean

Gabadi herriko abeltegi batean atzeman dituzte gaitzak kutsatutako oilaskoak. Hiru astez, gutxienez, hutsik mantendu beharko dute etxaldea erabat garbitu arte.

EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko lehen hegazti-gripe kasua atzeman dute Nafarroa Beherean, Gabadi herriko etxalde batean. Gaitza zuten 10.000 oilasko hil dituzte eta segurtasun neurriak ezarri ditu Pirinio Atlantikoetako Departamendua.

Oilaskoak hazten dituen Oihan-Kaskoa etxaldean atzeman dituzte kutsatutako oilaskoak; 10.000 hegazti hil behar izan dituzte, eta baita etxaldean zituzten ahateak ere. Hiru astez, gutxienez, hutsik mantendu beharko dute etxaldea erabat garbitu arte.

Amikuze eskualdean segurtasun neurriak ezarri ditu prefekturak: hiru kilometroko segurtasun eremua Gabadi inguruan, eta hamar kilometroko eremura zabaldu du zaintza gunea eskualdean.

Hegaztiak beste leku batera garraiatzea debekatuta dago, eta Amikuzen eta inguruetan hazitako hegaztien haragi eta arrautzak ezingo dira, oraingoz, saldu. Animalien artean erraz zabaltzen da gaitza, eta hilabeteko epean mantenduko ditu neurriak Pirinio Atlantikoetako Departamenduak.

Euskal Herriko lehen hegazti-gripe kasua da Gabadikoa; aurrez, azaroaz geroztik, Frantzia hego-mendebaldeko 67 etxaldetan atzeman dute halakorik. Eragin handiena Landetan izan du gaitzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea berriak Frantzia argazkiak Gaixotasunak argazkiak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa Animaliak albisteak