Gizartea -

Familiei laguntzeko plana

Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak %3,8 haziko dira aurten

Jaurlaritzak 32,57 milioi euro bideratuko ditu 2016an bateragarritasun hori sustatzeko.

Umeak eskolara joaten
Umeak eskolara joaten
32,5 milioi euro dirulaguntzetan aurten, lana eta familia uztartzeko

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 32,57 miloi euro, iaz baino % 3,82 gehiago, bideratuko ditu aurten familia, lana eta norberaren bizitza bateragarri egiteko neurriak sustatzeko laguntzetara, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak prentsaurrekoan iragarri duenez.

"Familiako, norberaren eta laneko bizitza bateragarri egiten laguntzeko programa" onartu du gaur gobernu bileran Urkulluren exekutiboak, eta horren ondotik eskaini ohi duen agerraldian eman du horren berri Erkorekak.

Erkorekak azaldu duenez, laguntzon bitartez "familiak beren bizitza ziklo osoan zehar sustatzeko eta laguntzeko politikak indartzeko aukera" du Jaurlaritzak.

Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planak jasotzen du programa, eta 2010ean onartutako egitasmoak familiei zuzendutako hiru jarduera-lerro biltzen ditu. Lehendabizikoa, seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldiaren murrizketa eskatu duten langileei bideratuta dago; bigarrena, mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldiaren murrizketa eskatu dutenei; eta, hirugarrena, azkenik, seme-alabak zaintzeko langileak kontratatu dituztenei.

Hiru laguntza-lerro

Seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldiaren murrizketak eskatzen dituztenei bideratu zaie aurrekontuaren sail handieneko laguntza-lerroa. Iaz, 17.194 pertsonak jaso zituzten laguntzok (batzuk, 2014ko ekitaldikoak): 2.645ek eszedentzia eskatu zuten, eta 14.549k, berriz, lanaldi murrizketa. Batez beste, 1.761,19 euroko laguntza jaso zuten.

Bigarren laguntza-lerroa mendekotasun egoeran edo osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldiaren murrizketa eskatu dutenei bideratuta dago (727.100 euro). 2015ean, 376 pertsonak jaso zituzten diru-laguntzok, eta, batez beste, 1.861,95 euro jaso zituzten. Horietako 57k eszedentzia eskatu zuten, eta 319k, berriz, lanaldi murrizketa.

Azkenik, hirugarren laguntza-lerroa (488.000 eurokoa) seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzen dituztenei bideratzen zaie: enplegatzaileari Gizarte Segurantzako kostuak ordaintzeko laguntza ematen zaio, betiere familia unitatearen errentaren arabera. Iaz, 400 pertsonak jaso zituzten laguntzok (525,55 euro, batez beste).

Gehienak, emakumeak

Erkorekak azaldu duenez, laguntza hauek eskatzen dituztenak emakumeak dira, gehienbat, eta datuok eman ditu horren erakusgarri: emakumezkoak izan ziren iaz seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu zutenen % 92, gaixotutako senideak zaintzeko eszedentzia edo murrizketa eskatu zutenen % 80, eta etxerako laguntza kontratatzeko diru-laguntzak eskatu zituztenen % 71.

Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera, "argi dago oraindik ere bide luzea dugula egiteko berdintasunaren eta bateragarritasunaren arloan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea albisteak Ekonomia 2024 Albisteak Laguntza publikoak Gaurko titularrak