Gizartea -

EMAKUMEEN GENITALEN MUTILAZIOA

24.000 neska daude Espainian ablazio arriskuan

UNICEFek gaur jakitera eman duenez, ablazioaren inguruko datuak jasotzen hasi zirenetik, 200 milioi emakumek (umeak eta nerabeak) pairatu dute genitalen mutilazioa munduan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

24.000 neska (umeak eta nerabeak) daude Espainian ablazioa izateko arriskuan. Bartzelonako Unibertsitateko Wassu Fundazioak eman du datua: emakumeen genitalen mutilazioa ohiko praktika den herrialdeetatik Espainiara joandako familien kopurua hartu dute kontuan ikerketa egiteko. Fundazioaren arabera, handitu egin da, azken urteotan, ablazio arriskuan dagoen neska kopurua: 2012an 17.000 zenbatu zituzten.

Emakumeen Genitalen Mutilazioarekiko Zero Tolerantzia Nazioarteko Egunaren bezperan zabaldu dute txostena. Adriana Kaplan Wassu Fundazioko antropologoak eta ikertzaileak esan duenez, "ezinbestekoa da giza eskubideen eta emakumeen aurkako bortxaketa larri gisa aitortzea ablazioa", arazoa errotik desagerrarazteko.

Herritarren, baina, batez ere, osasun, hezkuntza eta gizarte-gaietako adituen "formazio sistematikoa eta bereizia" da, Kaplanen hitzetan, arazoari aurre egiteko oinarrietako bat. "Prebentzio lanaren garrantzia" nabarmendu du. Halaber, ablazioa pairatu duten emakumeei eman beharreko laguntza eta zaintza areagotzeko premia azaldu du.

200.000 ablazio, munduan

UNICEFek gaur jakitera eman duenez, ablazioaren inguruko datuak jasotzen hasi zirenetik, 200 milioi emakumek (umeak eta nerabeak) pairatu dute genitalen mutilazioa munduan. Azken urteotako joerari erreparatuta, gobernuz kanpoko erakundeak uste du datozen hamarkadetan nabarmen haziko dela ablazio kopurua.

UNICEFek 2014an egin zuen datu-bilketarekin alderatuta, esaterako, 70 milioi kasu gehiago atzeman dituzte. Hein handi batean, biztanleriaren hazkundea da arrazoietako bat. Bestalde, hainbat herrialde, tartean Indonesia, orain gutxi hasi dira ablazioaren inguruko datuak jasotzen eta zabaltzen. Horrek ere, nabarmen puztu ditu mundu mailako datuak.

Egipton, Etiopian eta Indonesian egiten dira genitalen mutilazio gehien: UNICEFEk zabaldutako txostenean jasotzen denez, 200.000 ablazio kasuen erdiak hiru herrialdeotan izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak