Gizartea -

Pirinioak

Erreskatatu dituzte leize batean harrapatutako zazpi espeleologoak

"Oso nekatuta eta hotzez" daude, baina onik, Garona Garaiko Prefekturak jakinarazi duenez.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Pirinioetako Mile izeneko leizean (Herran mendigunea, Garona Garaia departamentua) harrapatuta zeuden zazpi espeleologo katalanak erreskatatu dituzte eguerdian, Departamentu horretako Prefekturak jakinarazi duenez.

Sei gizonek eta emakume batek osatutako taldea 180 metroko sakoneran zegoen, "oso nekatuta eta hotzez", baina zauririk gabe. Eguerdi aldera atera dituzte.

Goi-mendiko Jendarmeriaren talde batek, suhiltzaileek eta Frantziako espeleologia-taldeak parte hartu dute erreskate lanetan.

Uraren mailaren igoera

Azken egunotan izandako euriteen ondorioz, uraren mailak gora egin du kobazuloan, eta horregatik nonbait, ez atzera ez aurrera geratu da taldea.

Espedizioan 15 lagun ziren guztira, baina horietako zortzik bere kabuz ateratzea lortu zuten atzo arratsaldean. Beste zazpiak 20:00etarako irten behar ziren, baina haien berririk ez zutela, goizaldean Luchongo Jendarmeria ohartaraztea erabaki zuten beste kideek.

Mile leizea Herran mendiguneko kobazuloetako bat da. Espeleologoentzat ezaguna da eremua, mendigune honetan kilometro askoko galeriak baitaude. Berez, ez du aparteko zailtasunik, baina eremuan pilatutako elurrak eta leizean dagoen ur kopuruak erreskatea luzatu dezakete.

"Azken egunotako euriteek dezente kaskartu dute egoera, baina ondo ezagutzen dute gunea espeleologoek eta erreskate taldeek", azaldu dio Frederic Rozes Garona Garaiko Prefekturako zuzendariak France Bleu irrati kateari.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia Gizartea bideoak Albisteak Mendizaleen istripuak Zer gertatu da gaur Frantziako Pirinioetan?