Gizartea -

Negu giroa

Elurraren ondotik, zeroz azpiko tenperaturak

Gipuzkoako kostaldea eta barnealdean abisu horia ezarri dute izotzagatik eta tenperatura minimoengatik. Elur kota ostegunean jaitsiko da berriro.

Gasteizen elurra bota du goizean. EFE
Arazorik ez, lehen mailako errepideetan

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken bi egunetan maila baxuan elurra egin ondoren, izotza eta zeroz azpiko tenperaturak izango dira datozen egunotan protagonista. Euskalmetek datozen egunetarako egin duen iragarpena kontuan hartuta, abisu horia ezarri du asteazkenerako Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta  Meteorologiako Zuzendaritzak Gipuzkoako kostaldean eta barnealdean. Ostegunerako, berriz, elurragatik ezarri du abisu horia, 500-600 metroan botako baitu.

Elur denboraleak ez du aparteko arazorik sortu goizean. 12:00etan, Arabako Herrera mendatea bakarrik zegoen itxita, eta ibilgailuen joan-etorria ohikoa zen gainerakoetan. Dena dela, hainbat mendatetan kontuz ibiltzeko gomendatu du Segurtasun Sailak, bidean elurra eta izotza baitago.

Iragarpenaren arabera, prezipitazio gutxi izango dira asteartean, eta arratsalderako zerua oskarbi egongo da. Asteazkenean, aldiz, hotza izango da nagusi. Gasteizen zeroz azpitik lau graduko minimoak espero ditu Euskalmetek, eta kostaldean, Donostian, esaterako, 0 ºC ingurukoak. Hori horrela, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik abisu horia ezarri du Jaurlaritzak gauerditik 10:00ak arte. Arratsaldean, hodeiak ugaritu egingo dira, eta baliteke gauean euri pixka bat egitea; elurra egingo du 1.000 metro ingurutik gora.

Ostegunean, elur maila gehiago jaitsiko da. Giro desatsegina izango dan nagusi: zaparradak, txingorra eta tenperatura hotzak espero dira (Gasteizen -5 ºC-koak, berriro ere). Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du egun horretarako. Euskalmeten arabera, elur maila 800-1.000 metroan egongo da goizaldean, baina goizean 500-600 metroan kokatuko da, eta elur geruzak 5 cm-ko lodiera hartuko du.

Joera bada ere, ostiralean elur kontuekin jarraitzea espero du Euskal Meteorologia Agentziak. Goizean 300-500 metroan botako du.

Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek neguko errepide plana jarri dute abian. Araban, elurra kentzeko 13 makina eta 39 behargin dituzte lanean. Bizkaian, 18 makina dituzte errepideak garbitzen, baina gehiago prestatu dituzte eguraldiak okerrera egingo duelakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak albisteak Eguraldia Elurra Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa