Gizartea -

Sexu abusuak

Gazte batek sexu erasoak egin dizkie bost adingaberi, Gasteizen

Beste bi biktima gehiago egon daitezkeen susmoa du poliziak. Ustezko erasotzailea kartzelatu egin dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hogeita bat urteko mutil bat kartzelatu egin dute, Gasteizen bost adingaberi sexu erasoak egitea egotzita. Gainera, beste bi biktima egon daitezkeen susmoa du Udaltzaingoak.

Hilabete hasieran, auzo etxe bateko langile batek jokaera "susmagarria" antzeman zion gazteri, hura bi adingaberekin zegoela. Horregatik, zentrotik egotzi zuten, eta Udaltzaingoari gertatutakoa jakinarazi zioten.

Horren ildotik, Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta egiaztatu zuen susmagarria Pilar auzotik askotan zebilela, adingabeak zeuden lekuetan.

Antza denez, atxilotutakoa adingabeen konfiantza lortzen saiatzen zen, dirua eskainiz. Horrela, ustez sexu erasoa egin zion bati, eta abusuak lauri.

Poliziak ezberdindu egiten ditu "sexu erasoa" eta "sexu abusua", erasotzaileak indarkeria erabili duen edo ez kontuan hartuta. Hori bai, bi kasuetan biktimaren baimenik gabe egina.

Orain arte, bost adingabek salaketa aurkeztu dute, baina beste bi biktima egon daitezkeela susmatzen du Udaltzaingoak.

Ustezko erasotzailea astelehenean atxilotu zuten, eta, atzo, epaileak kartzelatu egin zuen.

Udala adingabeei eta horien senideei laguntzeko prest agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba EAE Gasteiz Gaurko azken ordukoa