Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Mila neskato mutilazio genitala pairatzeko arriskuan daude, EAEn

Jaurlaritzak eta Emakundek prebentziorako gida bat argitaratu dute eta mutilazio genitala emakumeen aurkako indarkeria dela gogoratu dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Afrikako herrialde ezberdinetatik Euskal Autonomia Erkidegora etorritako mila neskato (0-14 urte) inguru mutilazio genitala pairatzeko arriskuan daudela ohartarazi dute.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Emakundek Emakumeen Mutilazio Genitala antzemateko eta prebentziorako Gida argitaratu du, osasun arloko langileei zuzendutakoa.

Jon Darpon Osasun sailburuak azaldu duenez, helburua da profesionalek horrelako kasuen aurrean nola jardun behar duten ezagutzea; izan ere, ablazioa praktikatzen den herrialde afrikarretatik etorritako 11.000 pertsona bizi dira egun EAEn.

Darponek ezinbestekotzat jo du osasun zerbitzuetako profesionalek mutilazio genitala ekiditeko prebentzio neurriak bere egitea.

Horrez gain, ‘Prebentziorako Konpromisoa’ izeneko dokumentu bat egingo dute, neskato horien guraso edo arduradunek euren jatorrizko herrialdera bidaiatzen dutenean, adingabeak ablaziora behartuko ez dituztenaren konpromisoa idatziz jasotzeko.

Era berean, bidaiatik bueltatzean, osasun zentrora joan beharko dute, hartutako konpromisoa bete dutela egiaztatzeko.

Gida honetan azpimarratu egiten da mutilazio genitala emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen bat gehiago dela eta, beraz, osasunari lotutako arazo batetik harago doala ohartzeko deia egiten die emakumeei.

Dokumentua bi zatitan dago banatuta. Alde batetik, ikuspuntu etiko, juridiko eta sozio-antropologikotik aztertzen da gaia, fenomeno horren atzean dauden motibazio psikologikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak argituz eta EAEn duen eragina azalduz. Gainera, ikuspuntu etiko eta legal batetik jarduera honi aurre egiteko dauden bitartekoen berri ematen du.

Gidaren bigarren zatian, berriz, mutilazio genitalaren prebentzioaz eta ablazioa jasan duten adingabeei nola lagundu azaltzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Tratu txarrak Gizartea Gaurko azken ordukoa