Gizartea -

ERRESKATEA

Castellon galdutako hiru mendizaleetako bi hilik aurkitu dituzte

Hirugarren mendizalea onik aurkitu dute, eta Castelloko Ospitalera eraman dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdi zerbitzuek baieztatu dutenez, Tinença de Benifassàn (Castelló) galdutako hiru mendizaleetako bi hilda aurkitu dituzte. Mendizaleak atzo desagertu ziren, zonaldetik oinezko ibilbide bat egitera joan ostean, haize-denboralearen eta elur-denboralearen ondorioz, orientazioa galdu zutenean.

Segurtasunerako eta Larrialdiei Erantzuteko Agentziaren zuzendari nagusi Jose Maria Angelen esanetan, bi mendizaleen gorpuak Generalitateko helikoptero batetik ikusi dituzte, eta Guardia Zibileko mendi-erreskaterako talde bat eta Castelloko suhiltzaileak horien bila joan dira.

Erreskate taldeek ordubete baino gehiago eman dute 800 metroko bidea zabaltzen, zonaldera iritsi ahal izateko, elur asko baitzegoen inguruan pilatuta, eta bi mendizaleak hilda zeudela baieztatu dute bertara iritsitakoan.

Hirugarren mendizalea onik aurkitu dute, eta Castelloko Ospitalera eraman dute. Carmen Monton Osasun kontseilaria ere bertaratu da, Generalitatearen arabera.

15:45 inguruan, Generalitateko helikoptero batek aurkitu du mendizaleetako bat, eta gainerako biak aurkitzen lagundu du.

Atzotik desagertuta

Bezperan, 23:30 aldera, hiru lagunek 112 Larrialdi Zerbitzuetara deitu zuten, 09:00etan 'Ruta dels set pobles' ibilbidea egitera irten eta gero galdu egin zirela esanez.

Mendizaleek ez zekiten non zeuden, "Castell de Cabres udalerritik gertu beharbada", baina, denboralearen ondorioz, galduta eta hotzak zeuden, haien esanetan. Ondoren, kontaktua eten egin zen, "estaldurarik gabe geratu zirelako edo sakelako telefonoaren bateria agortu zitzaielako".

Horren berri jasotakoan, elurra kentzeko hiru makina mobilizatu zituzten Castell de Cabres udalerrira heltzeko, baina bertan ez zituzten mendizaleak aurkitu.

Azkenean, igande goizean, lehen orduan, haiek bilatzeko lanak abiatu dituzte berriro, eta orduan aurkitu dituzte mendizaleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak