Gizartea -

GIZARTERATZEA

500 pertsona inguru bizi dira Donostian etxe gabe

Ikerketa batek ohartarazi du etxegabeek gizarte-bazterketa, pobrezia energetikoa eta babes emozional falta pairatzen dutela.

Donostia. Argazkia: Jon Hernandez
Donostia. Argazkia: Jon Hernandez
Donostia. Argazkia: Jon Hernandez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Giza Kontseiluak hiriko gizarteratze beharren inguruko txosten bat egin du. Hainbat alor biltzen dira bertan, etxebizitzarena tartean. Informeari jarraiki, Donostian ehun pertsona inguru daude etxerik gabe, eta 400 baino gora ostatuetan bizi dira.

Giza Kontseiluak ‘Gizarteratze Ekintza Plan Lokala’ osatzeko helburuarekin, lantalde anitza osatu du. Lantaldeak Donostiako pobrezia eta gizarte-bazterketa aztertuko du. Ikerketa horren arabera, Donostiak gizarteratzea sustatzen du, gainerako euskal hiriburuekin eta Estatuko hainbat hirirekin konparatuz gero.

Ikerketaren emaitzek azpimarratzen dutenez, biztanleria zahartzeak eta etorkinen tasak eragindako geldialdi demografikoa dago. Bestetik, hezkuntza-sistemak eta biztanleriaren prestakuntzak maila “sendoa” erakusten dute. Lan-merkatuari dagokionez, “errekuperazioa bide onean doa, baina egitura arazoekin”, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren sistema eraginkorra da, baina hobetu beharra dago. Gainera, “osasungintzan zein gaixotasunen prebentzioan aurrerapauso handiak eman dira”.

Ikerketaren datuak

Ikerketaren ondorioak bildu dituen txostenak jaso duenez, Donostian 439 pertsona daude “etxebizitza bazterketa” egoera larrian, eta “askoz gehiago” dira etxebizitza duin bat ez dutenak. “Zaila da arazo ezberdinen datu zehatzak eskaintzea. Hala ere, estimazioen arabera, biztanleen % 0,23 etxebizitza bazterketa egoera larrian bizi ziren 2013an (haietatik 89, kale gorrian)”, erantsi du Giza Kontseiluak. Txostenak Donostian gizarte-bazterketa sufritzen duten pertsonen ondorengo datuak eskaini ditu:

- Herritarren % 42,7 (79.220 pertsona) baldintza kaskarreko etxebizitzetan bizi dira.

- Biztanleen  % 11,4k pobrezia energetikoa jasan dute.

- 2014an, babes publikoko 6.269 etxebizitza zeuden; hiriko etxebizitzen % 8,2.

- Herritarren % 3k ez dute “babes emozionalik” jasotzen. 75 urtetik gorako pertsonen artean, biztanleriaren laurden batek nabaritzen du falta hori.

- 85 urtetik gorako pertsonen heren bat bakarrik bizi da, eta horien % 17 ez dira udal zerbitzuekin harremanetan jarri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia