Gizartea -

Luizia Kamiñalden

Ondarroako Udala kaltetuekin harremanetan jarriko da biltzen hasteko

Banan-banako bilera baterako deituko dituzte, asteartetik ostiralera bitartean. Behin kaltetu guztiekin elkartutakoan, Udalak horien egoeraren berri jakinaraziko dio Jaurlaritzari.

Etxetik atera behar izan duten Ondarroako bizilagunak, urduri eta kezkatuta. Argazkia: EFE
Etxetik atera behar izan duten Ondarroako bizilagunak, urduri eta kezkatuta. Argazkia: EFE
Ondarroako luiziaren egoera, dron batetik grabatuta

0:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rakel Elu Ondarroako alkateak Euskadi Irratian adierazi zuenez, Udaleko gizarte zerbitzuetako langileak asteartean etxetik atera zituzten 84 familiarekin jarriko dira gaur harremanetan eta banan-banako bilera baterako deituko dituzte, asteartetik ostiralera bitartean. Behin kaltetu guztiekin elkartutakoan, Udalak horien egoeraren berri jakinaraziko dio Jaurlaritzari.

Kaltetutako bizilagunak artatzeko bulegoa jarri du martxan Udalak: 08:00etatik 15:00etara, udaletxeko Idazkaritzan laguntza eskainiko zaie etxetik atera behar izan duten bizilagunei.

Guztira, 176 familia atera behar izan dituzte beren etxebizitzetatik aste honetan Ondarroan, Kamiñalde kalearen inguruko mendi-hegal batean izandako lur-jausien eraginez.

Bizilagunak berrantolatzea, lehentasuna

Ondarroan etxetik atera behar izan dituzten bizilagunak berrantolatzea lehentasunezko kontua da, Iñigo Urkullu lehendakariak kaltetutako eremura atzo egindako bisitan azaldu zuenez; izan ere, aurreikuspenen arabera, luzerako kontua izango da.

Urkulluk erakundeen arteko lankidetza azpimarratu zuen, dena den, kezkatuta agertu zen egoera denboran luza daitekeelako.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna etxetik atera behar izan dituzten Ondarroako bizilagunak kokatzea izango dela nabarmendu zuen lehendakariak. Ildo horretan, Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak jarriko ditu kaltetuen zerbitzura.

Urkulluk Ondarroan edota inguruko herrietan etxebizitza hutsak dituztenei dei egin zien, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune zerbitzuaren bitartez kaltetuen eskura jar ditzaten.

Bestalde, kaltetutako etxebizitzetako bebarru bakoitietako 97 familiak beren etxebizitzetara sartzeko aukera izan zuten atzo gauzak hartzeko 30 minutuz, 10:00etatik 11:30era, suhiltzaileez, udaltzainez eta Gurutze Gorriko boluntarioez lagunduta.  Larunbatean bebarru bikoitietako kaltedunen txanda izan zen.

Halaber, kaltetutako merkatariek ordu eta erdiko tartea izan zuten beraien lokaletan sartzeko.

Mendi-hegalaren "beheranzko joera" mantentzen da

Bizilagunek beren etxeetatik kanpo jarraitu beharko dute oraingoz. Argazkia: EiTB

Teknikariek mendiaren beheranzko joera mantentzen dela adierazi dute eta, beraz, larrialdi egoera batean daudela gogorarazi die herritarrei, Ondarroako Udalak jakinarazi duenez. Beraz, bizilagunek ezingo dute oraingoz beren etxeetara itzuli.

Alokabideko etxebizitzak, kaltetuen eskura

Eusko Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak eta gizarte laguntzak jarriko ditu, luizien ondorioz, Ondarroan etxetik atera behar izan duten bizilagunen eskura.

Eusko Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak eskainiko dizkio Ondarroako Udalari, behin udal gobernuak kaltetuen beharrak ebaluatu ondoren.

Halaber, kaltedunen artean gizarte larrialdi egoeraren bat antzemanez gero, Eusko Jaurlaritzako gizarte zerbitzuen laguntza ere eskaini du Urkulluren gobernuak.

Jaurlaritzak Bizigune etxebizitza programa ere kaltetuen eskura jarri du, beren etxetik atera behar izan dutenek etxebizitza baliabide gehiago izan ditzaten.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak baliabide teknikoak eta giza baliabideak -geologoak eta ingeniariak- eskaini dizkio Ondarroako Udalari, mendi-hegalaren egoera aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzaren hurrengo Gobernu Kontseiluak gaia jorratuko du eta salbuespenezko neurriak hartu ala ez erabakiko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Ondarroa argazkiak Eguneko albisteak Higiezinen merkatua gaur Lea-Artibai gaur Lur-jausiei buruzko albisteak