Gizartea -

Filtrazioa

Bertin Osbornek baieztatu du elkarte bat duela Panaman, 'legezkoa'

Kantari eta enpresariak agerian utzi du oso haserre dagoela, bere burua defendatu behar duelako "nahiz eta egindakoa legezkoa izan"; esan ere esan du ez duela hau bezalako beste elkarterik.

Bertin Osborne. Argazkia: EFE.
Bertin Osborne. Argazkia: EFE.
Bertin Osborneren izena, Panamako paperetan

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bertin Osborne kantari eta enpresariak baieztatu du baduela elkarte bat Panaman, lursail baten jabea dena, baina nabarmendu du legezko elkartea dela eta 1997an hartu zuela alta, Espainiako notario baten aurrean eta zegokion IFZrekin, sortu zuten unetik bertatik.

"Hasiera-hasieratik dago dena alta hartuta", esan du abeslariak Onda Cerori egindako adierazpenetan (Europa Pressek jaso ditu). Bertin Osborneren izena Panamako Paperetan irten da astearte honetan, eta berak agerian utzi du haserre dagoela, zeren eta bere burua defendatu behar baitu "nahiz eta egindakoa legezkoa izan".

"Ezagunak garenez, puntillatxoa utzi behar da; esaten da irri zuriz elkarte bat duzula, eta bai, zer?, zein da arazoa, legeztatua bada…" deitoratu du. Ironia ere erabili du bere burua defendatzeko: "Orain, elkarte bat duzu Panaman, eta Mario Conderi baino txartoago begiratzen dizute".

'El Confidencial'en informazioa baieztatu du

Osbornek baieztatu du 'El Confidencial'ek argitaratutako informazioa (argitalpen horri berari baieztatu zion); 'El Confidencialek', La Sextarekin batera, Ikerketako Kazetarien Kontseilu Internazionalaren ikerketan parte hartu du, 'Süddeutsche Zeitung' egunkariari egindako filtrazio masibo bat abiapuntu hartuta. Mossack Fonseca Panamako bulegoko agiriak daude filtrazioan.

Egunkari horren arabera, Osbornek Artistic Trading elkartea eratu zuen 1997an, Estatu Batuetan bizi zela, Niue uhartean (bertan ere Imanol Arias aktoreak izan zuen bera). Mossack Fonsecaren bitartez eratu zuen, eta 2006an Panaman erregistratu zuen.

Elkartea jarduerarik gabe egon zen sortu zutenetik, baina 2015eko urrian abeslariak berraktibatu zuen; izan ere, Ogasunarekin zituen zorrak kitatzeko mailegu bat eskatu zuen, eta bere jabetasun guztiekin eman behar izan zuen abala. Kantariak argi utzi du zor zuen dena ordaindua duela dagoeneko, 5 milioi bat euro, eta, hortaz, "lasai lo egin" ahal duela.

Galdetu diote ea Artistic Trading titular duen lursailak erlaziorik duen 2003an zigorra ekarri zion ondare-ezkutaketarekin, eta esan du "nahaste-borraste horren barnean" dagoela, eta 2003ko hura ordainduta duela, dagoeneko, ahalegin handiak egin ostean.

Hala ere, abeslari eta enpresariak zehaztu du gerora, Antena 3 kateari egindako adierazpenetan, "inoiz ez" ziola ezkutatu Zerga Agentziari lursaila izatea; hain zuzen, Ogasunak bahituta zituen jabetasunetako bat zen lursail hori. Zorra kitatu arte, hala jarraitu zuen.

"Bikoitza eskatzen didate, Bertin Osborne izateagatik"

Osbornek azaldu du zergatik erregistratu zuen aipatu lursaila Artistic Trading elkartearen izenean; izan ere, ez zuen nahi saltzaileak jakitea berarekin ari zela egiten eragiketa, eta, horrela, berori prezio hobea lortzen saiatzea: "Eskarmentuak erakutsi dit nola beti eskatzen didaten bikoitza, Bertin Osborne izateagatik, berdin dio lursail bat erosi nahi izateak, auto bat, ala zaldi bat; horregatik ez naiz neu inoiz joaten, hori niri gertatzen zait eta baita ezaguna den jende askori".

Aseguratu ere aseguratu du ez duela hau bezalako beste elkarterik: "Bai, hau da bakarra, ez da beste sustorik izango".

Galdetu diotenean ea zergatik sortu zuen elkarte hori eta lursail hori haren izenean jarri, esan du abokatuek eskaintzen zituztela, Miamin bizi zela: "Ia-ia, binaka saltzen zizkizuten, mila dolarretan…", azaldu du. Berriro esan du Panaman elkarte bat izateak ez duela, berez, inolako arazorik, "alta hartuta badu, eta legeztatzen baduzu". Onartu egin du, dena den, ez lukeela berriro egingo.

Bestalde, Bertin Osbornek azaldu du nola ez zuen arazorik izan Television Españolarekin lan egiteko, Ogasunarekin zorrak bazituen ere; izan ere, onartua zuen ordainketak gerora egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Iruzurrak berriak Ekonomia 2024 Albisteak Panama