Gizartea -

Internet eguna

Gazteen % 17,9k mehatxuak jaso dituzte sakelakoan

Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak ziberjazarpenari buruzko ikerketa egin du gazteen artean. Internet bidez jazarpena jaso dutela esan dute galdetutakoen % 6,9k.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazteen % 17,9k mehatxu-mezuak jaso dituzte sakelakoan, hirutik batek (% 36,3) irainak jaso ditu mugikorrean edo Internet bidez, eta % 6,3k aitortu dute inoiz bere izenean aritu direla sare sozialetan, kontua pirateatuta.

Datu kezkagarriok bildu ditu Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak Internet Eguna dela eta (maiatzaren 17an da) ziberjazarpenari buruz egin duen ikerketan.

12 eta 16 urte bitarteko 21.500 gazteri galdetuta, 'Yo a eso no juego. Bullying y ciberbullying en la infancia' izeneko txostena egin du erakundeak.

Horren arabera, ikasleen % 6,9k esan dute ziberjazarpenaren biktima izan direla inoiz. Beste datu batzuk ere eman ditu Save The Childrenek: galdetutakoen % 19,2k esan dute eurei buruzko zurrumurruak zabaldu dituztela sare sozialetan eta mugikorren bidez, eta beste % 11,8k esan dute baztertuta edo bakartuta sentitu direla inoiz sare sozialetan edo txat batean.

"Eskola-jazarpena, aurrez aurrekoa zein Internet eta sare sozialen bidez egiten dena, indarkeria mota bat da. Ez da umeen jolasa, eta ezin dugu justifikatu. Estresak eta antsietateak jota dauden ume horiei lagundu behar diegu, zenbaitetan suizidioa izaten baita jazarpen mota honen azken ondorio", esan du Andres Conde Espainiako Save The Children gobernuz kanpoko erakundearen zuzendari nagusiak.

Mundu osoko umeen eskubideen defentsan aritzen den erakundeak gazte baten testigantza jaso du txostenean. Jasperrek (ez da bere benetako izena) 20 urte ditu gaur egun, eta jazarpenaren biktima izan zen lau urtez, 10 urte zituenetik. "Nire helbide elektronikoa zein zen aurkitu zuten eskolan, eta mezuak bidaltzen hasi ziren: tontoa eta leloa nintzela idazten zidaten. Gero, sare sozialetan (Facebooken eta abar) nituen kontuak topatu zituzten, eta idazten nituenen kontra hasi ziren: argazkiak eskegitzen, iruzkin iraingarriak egiten... Ezgauza sentitzen nintzen, ezin nuen lorik egin, estresak jota nengoen, negar asko egiten nuen", gogoratu du gazteak.

"Jasper bezalako gazteek egunero sufritzen dute indarkeria, eta ez dakite egoera zelan saihestu eta konpondu. Agintariek hedabideetan harrabotsa duten kasuen aurrean bakarrik hitz egiten dute, baina egunerokoak isilpean daude, ez dira ikusten. Erantzun berehalakoa eta irmoa behar dugu. Prebentzioa da gakoa", adierazi du Condek.

Prebentziorako bidean, profesionalen espezializazioa eta gizartearen sentsibilizazioa bermatu behar direla uste du gobernuz kanpoko erakundeak. Save The Childrenen arabera, jazarritako umeak biktima dela jakin behar du, eta non eta nola eskatu behar duen laguntza. Behin jazarpena amaituta, biktimarentzat eta erasotzailearentzat hezkuntza mailako neurriak hartu behar direla azpimarratu du erakundeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Sare sozialak gaur Telefonia mugikorra Gizartea albisteak Albisteak