Gizartea -

ZUZENTARAU GOGORRAGOA

Tabakoaren zuzentarau berria sartu da indarrean ohar gogorragoekin

Tabako paketeek argazki gogorragoak eta osasun ohar gehiago sartu beharko dituzte eta gainera, pakete osoaren %65a bete beharko dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tabakoaren gaineko Europar Batasunaren zuzentaraua gaur sartu da indarrean, ondorioz, gaurtik aurrera bai tabako paketeetan, bai biltzeko zigarroetan koloretako argazki gogorragoak eta osasun arriskuen ohar gehiago sartu beharko dituzte. Gainera, paketearen %65a bete beharko dute.

Europar Batasunari, momentuz, hamar herrialdek konfirmatu die zuzentarauaren transposizioa: Belgikak, Alemaniak, Estoniak, Italiak, Lituaniak, Letoniak, Maltak, Portugalek, Eslovakiak eta Erresuma Batuak. Estatua, zuzentarau transposizioaren azken fasean dago oraindik.

Vytenis Andriukaitis, Europako osasunerako komisarioa, baikor azaldu da herrialdeek agertu duten jarrerarengatik, izan ere, herrialde batzuk EBtik agindutako zuzentarauaren eskakizunak baino haratago joan dira. Erresuma Batuan, Frantzian, Irlandan, Hungarian eta Eslovenian adibidez, tabako marka guztientzat pakete berdina edo neutroa ezarri dute.

Edozein modutan, “Euroguneko Estaturen batek araua behar bezala aplikatzen ez badu, beharrezko neurriak hartuko dira eta arau hauste txosten zabaltzea suposatuko luke”, esan du komisarioak.

Komisarioak gogorarazi duenez, tabakoak minbizia sortzen duten 70 substantzia ditu eta, Europar Batasunean, urtero, ekidin daitezkeen 700.000 heriotza eragiten du; Maltako populazioa baino gehiago, urtero. Gainera, 500.000 milioi euroko gastua eragiten du gizartean.

EBtik egin duten kalkuluen arabera, arau berri honi esker Europako erretzaileen %2k utziko lukete tabakoa hurrengo urteetan.

Arau berriak, besteak beste, argazki eta testu gogorragoak markaren gainetik lehenestea agintzen dute eta, tabakoa uzten laguntzeko telefono zenbaki bat eta, webgune bat jarri beharko dute.

Gaurtik aurrera ere, debekatuta daude berez mentolezko, bainilazko edo karameluzko zigarroak. Zaporeen tabakoa betiko bukatu da eta, 20 zigarro baino gutxiago duten paketeak saltzea ere debekatuta dago. Salbuespen modura, nahiz eta arauak debekatzen duen, mentolezko zigarroak saldu ahalko dira 2020ra arte, merkatu kuota %3 baino txikiagoa delako. Besteak, debekatuta daude.

Zuzentarauak ez zigarro elektronikoa debekatzen, baina segurtasun eta kalitate baldintzak zorrozten ditu nikotina dutenentzat. Besteak beste, 20 mg/ml nikotina izan dezakete gehienez, osasun oharrak erantsi behar dituzte eta, erabilera instrukzio zehatzak ere gehitu beharko dituzte.

Zuzentaraua, gaurtik aurrera fabrikatzen diren produktuei aplikatzen zaie soilik. Industriak stockean dituen produktuak 12 hilabeteko epean saltzeko aukera eman die Europar Batasunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Gizartea Gaurko azken ordukoa