Gizartea -

Eguraldi iragarpena

Eguzkia eta beroa lagun, asteburu osoan zehar

Barnealdean sargori egingo du; kostaldean, berriz, brisak tenperaturak atseginago egingo ditu.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udaberriko traza hartu du azken egunotan eguraldiak. Astebururako, baina, uda giroa aurreikusi du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Eguzkia izango da errege, eta bero egingo du. Are gehiago, barnealdean sargori puntua harrapatuko du, eta, beraz, kostaldera joatea izango da komenigarriena, brisak jasangarriago egingo baititu tenperaturak.

Ostegunekoa trantsizio eguna izango da. Ostarteak eta hodeiak tartekatuko dira zeruan, eguerditik aurrera garbitzera egingo badu ere. Merkurioa ez da asko igoko, eta 20 ºC-ren bueltan egongo dira beroenak.

Ostiralean bueltatuko da uda giroa. Euskalmeten arabera, goizean behe-hodei batzuk izango badira ere, laster garbituko du, eta urdina nagusituko da denean. Tenperaturek gora egingo dute: termometroa 25 gradura igoko da; kostaldean, berriz, brisak beherago utziko du tenperatura (22-23º).

Uda beteko eguraldia, larunbaterako. Barnealdean sargori egingo du, eta 30 eta 35 ºC artean ibiliko dira beroenak. Kostaldean, brisari esker, 25-30 ºC-koak izango dira maximoak.

Igandean, aldaketarik ez. Eguzkiak gogotik joko du, eta bero egingo du.

Eguraldi ona espero dugu aste hasierarako; hala iragarri du behintzat joerak. Tenperaturek gorako bidea hartuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Eguraldia Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea