Gizartea -

Uztailaren 22a

Madalenenen egun handia Elantxoben, Bermeon eta Mundakan

Elantxobeko Udalak "gizalegea, ardura eta errespetua" eskatu ditu, Madalena eguna ondo joan dadin.

Madalenenen egun handia dute gaur Elantxoben, Bermeon eta Mundakan

1:33

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 22a ostirala da aurten. Urtero bezala, gaur ospatzen da Madalena eguna, eta tradizioari jarraiki, Izaroko uhartea berea dela aldarrikatzeko teila bat bota du uretara Bermeok, "Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak" oihukatuta.

Aurten Bermeoko udaletxeko teila bat bota dute itsasora. Udalak ohar batean argitu duenez, eraikina eraberritu beharra dagoela gogorarazi nahi izan dute horrela. Izan ere, 2013an Bizkaiko udalerrian izandako sutean kalteak izan zituen udaletxeak. Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen hitzetan, "Bermeoko Udaletxea, 1733. urtean eraikia, babes berezia duen kultura-ondare legez katalogatuta dago, eta eraikin hau berreraikitzea ezinbestekoa da bermeotarrontzat".

Urtero bezala, 12:00etan abiatu dira Bermeotik itsasontziak Izaro uhartera. Bertan, alkateak bota du teila itsasora, eta uhartean Bermeoko bandera altxatu dute.

14:00etan, itsas segizioa Elantxobera heldu da, eta ohorezko aurreskua dantzatu zaio Bermeoko alkateari, herriko plazan. Arratsaldean, Mundakara joango da udalbatza, eta 19:30 aldera helduko da Bermeora. Portutik Goiko Plazara joango dira bermeotarrak, eta herriko bandera eta ikurrina altxatuko dituzte bertan.

Elantxobek 'gizalegea eta ardura' eskatu ditu

Bestalde, Elantxobeko Udalak "zentzu ona eta errespetua" eskatu die herrira bertaratuko diren guztiei, Madalena eguna giro onean gozatzeko.

"Gure helburu nagusia, ahaztezina izango den egun batez gozatzeko, jaiak zentzuz eta errespetuz pasatzea da", esan du Jesus Mari Olagibel Elantxobeko alkateak.

Itsas jaian parte hartuko duten ontziei ere zuzendu zaie Udala, bereziki Elantxobeko portura sartzeko asmoa dutenei. Bertatik gogorarazi dutenez, Legea bete beharko dute. "Parte hartuko duten ontziak ezingo dira lau metroko luzera baino txikiagoak izan, eta ezta ere sei metro baino gutxiagoko itsasontzi pneumatiko edo ur motoak, segurtasun taldekoenak izan ezik", esan dute. Era berean, "itsasontzietako jarleku kopurua errespetatzea eta pertsona bakoitzak salbamendu-jaka bana izatea" eskatu du. "Itsasontziek, gainera, aseguruak eta beharrezko dokumentazio guztia eguneratuta izan beharko dute. Itsasontziek VHF 16 kanala erabili beharko dute koordinatzailearekin komunikatu eta honen argibideei jarraitzeko", adierazi dute Udalak kaleratu duen oharrean.

Segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Gurutze Gorriak 20 bat boluntario eta beste bost itsasontzi jarriko ditu, eta ontzi txiki bat, Izaro uhartean, lehorreratzen laguntzeko.

Marea behean egongo denez, Elantxobeko Udalean kezkatuta daude, Vicenta kai ezagunean egon daitezkeen erorketen aurrean; izan ere, beheko aldean zorua irristakorra da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Portuen Zuzendaritzak eremua garbituko du Madalena eguna heldu baino lehen.

Gainera, sor daitezkeen arazoei aurre egiteko, herriko sarbidea erraztuko zaie anbulantziei, eta bizilagunak baino ezingo dira sartu.

Autobusak Bilbotik eta Gernikatik

Bizkaibusek bi autobus linea ditu Elantxobera joateko. A3513 zenbakiduna (Lekeitio-Gernika-Galdakaoko Ospitalea-Bilbo) ordu bakoitietan ateratzen da Bizkaiko hiriburutik (lehena, 07:05ean, eta azkena, 19:05ean). Lekeitiotik, 06:50ean hasita, bi orduan behin irteten da (azken autobusa, 20:50ean).

Horrez gain, A3526 zenbakiduna (Gernika-Laida-Laga-Ibarrangelu), orduero ateratzen da Gernikatik (09:30ean, lehena), eta 10:05ean Elantxobetik (azkena, 21:05ean).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo azken albisteak Bizkaia Gizartea bideoak Jaiak