Gizartea -

'Deserrotuak' txostena

50 milioi ume etxetik urrun eta arriskuan bizi dira, Unicefen arabera

Guztira, 31 milioi haur euren jatorrizko herrialdeetatik at daude, eta 17 milioi adingabe euren herrialdean baina etxetik urrun bizi dira, indarkeriatik ihesi.

Erdia baino gehiagok ihes egin dute, indarkeriak bultzatuta. Irudia: EFE
Erdia baino gehiagok ihes egin dute, indarkeriak bultzatuta. Irudia: EFE
Erdia baino gehiagok ihes egin dute, indarkeriak bultzatuta. Irudia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun, 50 milioi haur euren jatorrizko herrietatik at bizi dira, indarkeriatik ihesi edo aukera gehiagoren bila, Unicefek gaur, asteazkena, salatu duenez. Gainera, adingabe horiek guztiek egun dituzten arriskuez ohartarazi du.

'Deserrotuak' izeneko txostena aurkeztu du NBEren agentziak, eta, bertan, umeen egoera aztertu dute. Halaber, ekintza zehatzak egitea eskatu die gobernuei, haurrak hobeto babesteko.

Horrez gain, txosten horretan hainbat neurri proposatu dituzte, besteak beste, ume migratzaileak atxilotzeari uztea, familiak bat eginda mantentzea umeak babestu ahal izateko eta guztiek ikasteko aukera izan dezatela.

"Munduak aurre egin behar dion eta hazten ari den krisia da, Asian, Amerikan, Mediterraneoan eta baita zenbait herrialdetan ere", azaldu du Justin Forsyth Unicefen ondoko zuzendariak.

Adibide gisa, txostenak aipatzen du 2005 eta 2015 artean ume errefuxiatuen kopurua bikoiztu egin dela, eta ume migratzaileena % 21 hazi.

Hainbat adingabe, Unicefen kanpaleku batean. Argazkia:  EFE

Hainbat adingabe, Unicefen kanpaleku batean. Argazkia:  EFE

Guztira, 31 milioi haur euren jatorrizko herrialdeetatik kanpo daude, ezinbestean (horietatik 11 milioi errefuxiatuak eta babes-eskatzaileak dira), eta 17 milioi adingabe euren herrialdean baina etxetik urrun bizi dira.

Aipatutako 50 milioi horien erdiak baino gehiagok (28 milioi) indarkeriak edo gatazkek bultzatuta egin behar izan zuten alde.

Unicefen arabera, lekuz aldatutako umeena "kopuru izugarria da eta hazten ari da", eta mundu osoan dauden ia errefuxiatu guztien erdia dira.

Gainera, mugak bakarrik zeharkatzen dituzten umeen kopurua geroz eta handiagoa da. Testuaren arabera, 2015ean 100.000 bat umek eskatu zuten babesa 78 herrialdetan, gurasorik gabe zeudela. Kopuru horrek hiru bider gainditu du 2014koa.

Bakarrik ihes egin duten adingabe horiek arrisku handia dute abusuak eta kontrabandisten eta pertsona-trafikatzaileen esplotazioa pairatzeko, Unicefek azpimarratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
NBE albisteak Gaurko azken orduko albistea