Gizartea -

EAE, abisu horian

100 km/h-ko haize-boladak eta zaparrada gogorrak

Depresio baten eraginpean izango gara, eta batez ere itsasoan nabarituko da horren eragina. Lau metroko olatuak espero dira.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Depresio baten eraginpean izango da Euskal Autonomia Erkidegoa datozen 48 orduetan. Hala, arratsaldetik aurrera, haize-bolada indartsuak, zaparrada gogorrak eta lau metroko olatuak iragarri ditu Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak.

Iragarpena kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horiak ezarri ditu haizeagatik, euriagatik eta itsasaldeko arriskuagatik.

Zehazki, ostegun honetarako, itsasaldeko arriskua dago. Goizean, hiru metro ingurukoak izango dira olatuak, baina handitzen joango dira, eta 3,5-4 metro ingurukoak izango dira gauean.

Haizeak ere gogotik joko du, aurrena hego-ekialdetik, eta gero, mendebaldetik. Hala, 15:00etatik gauerdira arte, abisu horia egongo da Bizkaian eta Gipuzkoan, haizeguneetan. 100 km/h-ko boladak espero dira, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan. Gauean, mendebal osagaia hartuko du haizeak, eta kostaldean, batik bat, 100 km/h-ko ufadak izatea aurreikusi dute.

Toki babestuetan ere gogotik joko du, eta 80 km/h-ko abiadura harrapa dezake, batez ere kostaldean. Hortaz, Bizkaian eta Gipuzkoan abisu horia ezarri du Jaurlaritzak 21:00etatik 00:00etara.

Horrez gain, prezipitazio handiak izango direla eta, beste abisu bat egongo da indarrean 21:00etan hasi eta gauerdira arte. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, isurialde atlantikoan handiak eta trumoitsuak izango dira zenbait lekutan, bereziki kostaldean.

Era berean, prezipitazio iraunkorrak espero direla eta, abisua ezarriko dute Bizkaian eta Gipuzkoan (21:00etatik 00:00etara, hau ere). Gainera, ostiraleko 09:00ak arte, 60 litro pila daitezke metro koadroko isurialde atlantikoan; batez ere, kostaldean.

Ostiralerako, irailaren 16rako, itsasaldeko arriskua, haizea eta euria direla eta, abisu horiak izango dira indarrean (azken biak, 09:00ak arte).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea