Gizartea -

Epaia

Lau urteko zigorra Flores enpresariari, Madrid Arenako tragediagatik

2012ko Halloween jaian bost gazte hil ziren jende-olde batean harrapatuta gelditu ondoren.

Miguel Angel Flores enpresaburua. Argazkia: EFE
Miguel Angel Flores enpresaburua. Argazkia: EFE
Miguel Angel Flores enpresaburua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Lurralde Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio 2012an Madrid Arena pabiloian Halloween jaia antolatu zuen Miguel Angel Flores enpresaburuari, orduan izandako tragediaren "arduradun nagusia" dela iritzita. 2012ko azaroaren 1ean Madrid Arenan izandako jende pilaketaren ondorioz, bost neska hil ziren.

Bestalde, Simon Viñals eta Carlos Viñals Halloween jaiko mediku taldearen arduradunak eta Emilio Monteguado Madrilgo Udaltzaingoaren buru ohia absolbitu egin ditu.

Epaimahaiak arduragabekeriaz jokatzea, bost homizidio delitu eta 29 laguni lesioak eragitea leporatu dio Miguel Angel Floresi.

Ildo horretan, Miguel Angel Flores enpresaburuaren jokabidea zuhurtziarik gabea izan zela eta negozio horietan diharduen enpresaburu batengan ezohikoa dela iritzi dio epaileak. Are gehiago, "une oro ahalik eta etekin ekonomiko handiena" ateratzeko aritzea egotzi dio.

Tragediaren arrazoiei dagokienez, epaimahaiak uste du frogatuta gelditu dela Madrid Arena pabiloiak har zezakeena baino jende gehiago zegoela gau hartan; zehazki, 16.600 pertsonatik gora. Halaber, eskailerak eta korridoreak itxi eta jendea larrialdietako irteeretatik, zuzenean, pistara bideratu izanak ere tragedia eragin zuela gaineratu du.

Floresez gain, epaimahaiak hiru urteko kartzela zigorra ezarri die Francisco del Amo Madrideceko proiektu arduradunari eta Santiago Rojo Halloween jaia sustatu zuen Diviertt enpresako zuzendari orokorrari, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta lesio delituak leporatuta. Gainera, bi urte, sei hilabete eta egun bateko kartzelaldia ezarri die Miguel Angel Morcillo Diviertt enpresako pertsonaleko buruari eta Carlos Manzanares Kontrol 34 segurtasun pribatuko enpresako bazkide nagusiari. Halaber, Juan Jose Paris Nalda eta Raul Monterde Seguriber enpresako nagusiei 3.600 euroko isun bana ezarri die.

Bestalde, Viñals medikuez eta Monteagudo udaltzain buru ohiaz gain, epaimahaiak zigorrik gabe utzi ditu Rafael Pastor Madrideceko segurtasun saileko zuzendaria, Roberto Mateos Madrid Arena pabiloiko kameren kontrolaz arduratzen zena, Emilio Beillard Kontrol 34 enpresako akziodun minoritarioa, Jose Antonio Diaz Romero Halloween jaian Seguriber enpresako langileen burua zena eta Jose Ruiz Ayuso Madrideceko operazioen teknikoa.

Epaia behin-behinekoa da eta aldeek bost eguneko epea dute Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkezteko. Miguel Angel Floresen abokatuak dagoeneko iragarri du helegitea aurkeztuko duela Gorenean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Epaiketak argazkiak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Madrilgo gertakizunak