Gizartea -

Pioz, Guadalajara

Familiarekin batera hilda agertu zen gizonaren lobaren bila ari dira

Antza denez, susmagarriak Brasilera alde egin zuen, hilotzak agertu eta hiru egunera. Barne Ministerioarenarabera, krimena "argituta" dago jada.

agentziak | erreadakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Piozen (Guadalajara) hilda agertu zen lau kideko familiaren senide bat da susmagarri nagusia. Aitaren loba batek ustez egin du hilketa, eta orain bere bila ari dira, baina Brasilen dago. Antza denez, hilotzak topatu eta hiru egunera alde egin zuen Espainiatik, nazioarteko atxilotzeko agindua eman zuten egunaren bezperan.

Hala adierazi du Jorge Fernandez Diaz jarduneko Barne ministroak, Diputatuen Kongresuko korridorean egindako adierazpenetan, eta baztertu du droga-trafikoaren kontu garbitze batek eragin izana.

Guardia Zibilak datu gehiago emango ditu gaur, asteazkena, Guadalajaran bertan, baina Fernandez Diazek ez du aukera galdu nahi izan Segurtasun Indarren "profesionaltasuna" goraipatzeko, Espainiako hiritarrak "hunkitu" dituen kasua dela eta.

Momentura arte, ministroak aurreratu egin du lobak aurrekariak dituela Brasilen indarkeriari lotutako delituengatik, Espainian egon den boladan "hainbat hilabetez" bizi izan dela izeko-osaba eta lobekin, eta hurrengo hilabetean 20 urte beteko dituela.

Gainera, azaldu duenez, lau senideak hil eta gero, ustezko egileak gau osoa igaro zuen gorpuen ondoan, Guardia Zibilak darabiltzan datuen arabera eta, gertatutakoa zabaldu eta gero, azaroaren 16rako hartua zuen hegaldia irailaren 19ra aurreratu zuen.

Espainiatik alde egin ostean, Guardia Zibilak nazioarteko atxilotze agindua eskatu zuen irailaren 22an, eta astelehen honetan luzatu egin du. "Krimena argituta legoke. Orain Brasilgo Poliziak noiz topatu eta atxilotuko duen zain gaude", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea Brasil