Gizartea -

Asilo eskaera

Hassanna Aalia sahararrari errefuxiatu politiko izaera aitortu diote

Babesa eskatu eta bost urtera eman izana "garaipen kolektibotzat" jo du ekintzaileak, eta eskerrak eman dizkie babestu duten guztiei.

Hassanna Aalia
Hassanna Aalia
Hassanna Aalia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak errefuxiatu politiko izaera aitortu dio Hassanna Aalia ekintzaile sahararrari, asiloa eskatu eta bost urtera. Erabakia ez da irmoa, baina "garaipen kolektibotzat" jo du Aaliak.

Jasotako babesaren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa eskaini du Aaliak berak Bilbon, Javier Canivell abokatua eta Patricia Barcena CEAR Euskadi erakundeko zuzendaria ondoan zituela.

Pozik agertu da ekintzaile sahararra, "bost urteko lanaren ostean" lortutako "garaipen kolektiboagatik". Jasotako laguntzagatik eskerrak eman dizkie bidelagun izan dituen abokatu, gobernuz kanpoko erakunde, erakunde eta herritarrei.

"Ikaragarria da sindikatuek, alderdiek, erakundeek eta milaka lagunek babesa ematea, hunkitu egin nau. Eurek gabe, oso zaila zatekeen", esan du. Aaliaren berbetan, "garaipena ez da nirea bakarrik; garaipen kolektiboa da, saharar herriarena ere bai, baita zigor oso gogorrak betetzen ari diren preso politiko sahararrentzat".

Dena dela, garaipena "preso politiko guztiak kartzelatik irteten direnean eta herrialde guztietako errefuxiatuek libre bizitzeko leku duin bat dutenean" ospatuko duela azpimarratu du.

Auzitegi Nazionalaren erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera du orain Espainiako Gobernuak. Halakorik ez egitea espero du Aaliak, baina kasu horretan ere "borrokan" jarraituko duela berretsi du.

Ez da ohikoa babesa ematea

Patricia Barcena CEAR Euskadiren zuzendaria ere pozik azaldu da epaiarekin, eta eskerrak eman dizkie Aaliari "babesa eta elkartasuna" eskaini dioten erakundeei eta taldeei.

Javier Canivell ekintzaile sahararraren abokatuak gogorarazi duenez, "tamalez, ez da ohikoa sahararrei babesa eskaintzea", eta, beraz, Aaliarena "berri bikaina da".

Marokoko auzitegi militar batek bizi osorako zigorra ezarri zion Aaliari, Gdeim Izik sahararren kanpalekuko protesta baketsu batean parte hartzeagatik. Epaiketak berme nahikorik izan ez zuela eta ekintzailea torturatu egin zutela salatu dute nazioarteko zein Espainiako Estatuko erakundeek.

Aalia 2011n heldu zen Bilbora, ikasketa beka batekin. Euskal Herrian zela, bera bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen Marokok. Aaliak asiloa eskatu zuen, baina Barne Ministerioak ukatu egin zion. Auzitegi Nazionalak, ordea, bertan behera utzi zuen, behin-behinean, ekintzailea Estatutik kanporatzeko agindua, eta duela bi egun jakinarazi dio errefuxiatu izaera aitortu diotela.

Auzitegi Nazionalak epaian jaso duenez, "Barne Ministerioaren ebazpena ez da Zuzenbidearen araberakoa". Horren ustez, "Hassanna sahararren auzian giza eskubideen alde ari den ekintzailea da, eta torturak, irainak eta legez kanpoko atxiloketak jasan ditu, eta Marokora bidaliz gero, arrisku bizian legoke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala EAE albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Errefuxiatuak azken ordukoa Mendebaldeko Sahara azken ordukoa Maroko azken ordukoa