Gizartea -

Haurren Munduko Eguna

EAEko haurren % 16 pobrezia egoeran edo ongizaterik gabe bizi da

Haurren Munduko Eguna dela eta, Save the Children erakundeak erakusketa bat inauguratu du Bilboko metro barruan, haurrei eragiten dieten babesgabetasun egoerak salatzeko.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko haurren % 16 (55.000 haur inguru) pobrezia egoeran edo ongizaterik gabe bizi dira. Save the Children erakundeak datu horiek gogorarazi nahi izan ditu Haurren Munduko Egunaren harira. Igandean izango da, abenduak 20, Haurren Eskubideen inguruko Hitzarmenaren urteurrena gogoratzeko. Esparru horretan, GKEak erakusketa bat aurkeztu du Bilboko metroan. Horren bidez haurren babesgabetasun egoerak ikusarazi dituzte eta Haurtzaroaren Barometroa argitaratu dute, haurren errealitatea bost dimentsioaren arabera aztertzen duena: pobrezia, hezkuntza, indarkeria, osasuna eta migrazioak.

Erakunde horrek adierazi du, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Beharrizanen datuen arabera, Euskadin bost haurretatik bat (hirutik bat Estatu mailan) bizi dela pobrezia edo gizarte-bazterkeria arriskuan. Horrek esan nahi du familiek ez dutela gastu guztiak estaltzeko baliabide nahikorik. Zehazki, 2012 eta 2014 artean, pobrezia erreala nabarmen igo zen seme-alabak zituzten bikoteen artean. 2014an, Euskadiko pobrezia kasuen % 51,9 familia mota horien kasuak ziren.

"Pobrezia ez da naturala, eta ekidin daiteke. Haurren Egun Unibertsalaren harira, gure egitekoa da desabantaila egoeran dauden haurrak gogoan hartzea. Legegintzaldi bati ekingo diogu eta Euskadin haurren pobrezia-indizeak jaistearen alde egin behar dugu lan, aitzakiarik gabe2, adierazi du Eva Silvanek, Save the Children erakundeko Euskadiko arduradunak.

Familien diru-sarrerek nutrizioa eta osasuna baldintzatzen dituzte, beste aspektu batzuen artean. Gure susmoa da Estatuan 266.055 haur ere egon daitezkeela malnutrizio egoeran, beren familiek ezin dutelako astean hiru aldiz haragi, oilasko, arrain edo baliokideak diren barazki-elikagaiak dituzten otorduak prestatzeko jatekoa erosi.

Hezkuntzari dagokionez, Save the Children erakundeak ohartarazi du Euskal Autonomia Erkidegoaren erronka nagusiak honakoak direla: 0 eta 3 urte bitarteko haurren hezkuntza-eskaintza handitzea (ikasketarik gabeko familien seme-alaben % 42 besterik ez daude maila horretan eskolatuta) eta derrigorrezko hezkuntzako zentro batzuetan jatorri etorkineko ikasleen gehiegizko kontzentrazioa saihestea (ikastetxe publiko batzuetan ikasleen % 80 ere etorkinak edo babesgabetasun egoeran daudenak dira).

Ikasgela barruko indarkeria ere kezkagarria da. Izan ere, DBHko ikasleen % 3,5ek aitortzen du inoiz norbaiti jazarri izana, eta ia bikoitzak (% 6,3) adierazten du eskola jazarpena jasan izana. Jazarpen hori egiteko moduari dagokionez, % 2,1ek sarearen bidez egin izana aitortu dute eta % 4,5ek adierazi dute Internet edo sare sozialen bidezko jazarpenaren biktima izan dela.

Erakusketa Bilboko metroan

Errealitate horiek ikustarazteko asmoz, Save the Children erakundeak hamar argazkiko erakusketa bat jarri du ikusgai, azaroaren 2tik aurrera. Erakunde horren Haurren Pobreziaren aurkako Programaren bidez arreta jasotzen duten familien eguneroko irudiak dira. Erakusketa honen helburua haurren babesgabetasun egoerak ikusarazte eta horien bizi-baldintzak hobetzeko beharrizana nabarmentzea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Metro Bilbao gertakaria Gizartea Eguneko albisteak