Gizartea -

Jaurlaritzaren saria

Errefuxiatuekin lanean diren 3 erakundek jaso dute Rene Cassin Saria

Iñigo Urkullu lehendakariak banatu dizkie sariak Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeari, Zaporeak proiektuari eta Sain Egidio komunitateari.

Lehendakariak banatu ditu gaur Rene Cassin sariak. Argazkia: Irekia
Lehendakariak banatu ditu gaur Rene Cassin sariak. Argazkia: Irekia
Lehendakariak banatu ditu gaur Rene Cassin sariak. Argazkia: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errefuxiatuei laguntzen diharduten hiru erakundek jaso dute gaur 2016ko Rene Cassin Saria: Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak, Zaporeak proiektuak eta Sain Egidio komunitateak.

Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira banatu ditu sariak Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak.

Golardoa Iñigo Urkullu lehendakariak eman die Gasteizen egingo den ekitaldi batean. Sari hauen bitartez "aitortzen dugu borondatez hartutako konpromisoa errefuxiatuek bizi duten krisi humanitarioaren eta bidegabekeriaren aurrean", adierazi du lehendakariak.

Urkulluren esanetan, Rene Cassin saria Eusko Jaurlaritzak hiru printzipioren inguruan hartutako konpromisoa berresteko aukera ere bada: gizatasuna, erantzukizuna eta legezkotasuna.

Bestalde, krisi humanitarioa premiaz bideratzeko eskatu die lehendakariak Europako erakundeei eta Europar Batasuneko gobernuei. Gaineratu duenez, Europar politika aldatzea premiazkoa da eta Euskadi prest dago laguntzeko.

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko euskal erakundea 2015ean sortu zen, Egeo itsasoan (Grezia) pairatzen ari ziren krisi humanitarioari aurre egiteko asmoz. Gerraren edo jazarpenaren ondorioz ihes egiten duten pertsonen biziak salbatzen aritzen dira itsasoan.

Zaporeak proiektua Intxaurrondotik Wukrora Elkarteak abian jarritako jarduera gastronomiko-solidarioa da. Errefuxiatuei egunero janaria emateaz arduratzen dira, Greziako Kios uhartean lan egiten duten beste talde batzuekin batera.

Saint Egidio komunitateak hamarkadak daramatza erlijioen arteko elkarrizketa bultzatzen, herri ezberdinen arteko adiskidetasuna sustatzen, pobreziaren kontra lanean eta heriotza-zigorra desagerrarazteko borrokan.

Errefuxiatuen krisiaren aurrean, ‘pasabide humanitarioak’ eraiki dituzte eta Italiako agintarien eta gizarte zibilaren artean bitartekari lanak egin dituzte, ihesean ari diren pertsonek beren bidean aurrera egiteko aukera bermatuta izan dezaten, itsasoan hiltzeko arriskua saihestuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak Errefuxiatuak albisteak gaur Giza eskubideak albisteak