Gizartea -

Polizia-operazioa

Hiru lapur atxilotu dituzte Getxon, etxebizitzetan lapurtzea egotzita

Ondoren egindako ikerketari esker, delinkuentzia-talde antolatu horretako kideek Bilbon alokatutako etxebizitza aurkitu dute ertzainek.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getxoko Ertzain-etxeko agenteek aste honetan delinkuentzia-talde antolatu bateko hiru kide atxilotu dituzte, udalerri horretako etxebizitza bateko kutxa gotorra eta bitxiak lapurtzen ari zirenean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Joan den astelehenean, 02:00ak aldera, Ertzaintzari hainbat herritarrek ohartarazi zioten Algortako etxebizitza batetik mailukada-hotsak eta bestelako zaratak entzuten zirela. Hainbat patruila bertaratu, eta egiaztatu zuten etxebizitzako atea itxita zegoen arren, palanka bidez behartuta zegoela. Lurrean plastikozko eranskin txiki bat zegoen. Lapurren talde antolatuek gisa horretako markagailuak erabiltzen dituzte, lapurtuko dituzten etxebizitzetan norbait ibiltzen den kontrolatzeko.

Agenteek etxebizitzako giltza lortu zuten, gau horretan kanpoan ziren maizterren familiako batekin harremanetan jarri ostean. Barrura sartzean, ertzainek logeletako batean hiru gizonezko aurkitu zituzten ezkutatuta. Etxebizitzaren lehen ikuskapen batean, horman sartutako kutxa gotor bat aurkitu zuten, bertatik ateratzeko behartu zutena.

Halaber, hainbat bitxi bildu zituzten poltsa batean. Sarrerako atean erabilitako eranskinaz gain, lapurretan erabilitako materiala eta erremintak ere aurkitu zituzten, baita oinarrizko bi telefono puskatu, SIM txartelik gabe. Talde antolatuetako lapurrek horrelako telefonoak erabiltzen dituzte, gero apurtu edo botatzen dituztenak arrastorik ez uzteko.

Ondoren egindako ikerketari esker, lapurrek Bilbon alokatutako etxebizitza aurkitu zuten ertzainek. Etxebizitza horren barruan, lapurtu beharreko etxebizitzak kontrolatzeko erabiltzen zituzten plastikozko eranskin horietako gehiago zeuden.

Atxilotuak polizia-dependentzietan egon dira asteazkenera arte; egun horretan eraman zituzten epailearen aurrera. Hiruak aske geratu ziren arren, Polizia Nazionalak geroxeago atxilotu zituen berriro horietako bi, herrialdetik botatzeko agindua baitzuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Getxo albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa