Gizartea -

Lan-gatazka

Gasteizko kale-garbitzaileek greba mugagabea babestuko dute

Martxoaren 6tik aurrera greba egingo dute, zerbitzua kudeatzen duen enpresa-elkarteak ez baitu hitzarmena errespetatu. Udalak 23 milioi euro inguru ordaintzen ditu urtero zerbitzu horregatik.

Gasteizko zakarrontziak. Artxiboko argazkia: EiTB
Gasteizko zakarrontziak. Artxiboko argazkia: EiTB
Gasteizko zakarrontziak. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko kale-garbitzaileek greba mugagabea babestuko dutela iragarri dute astelehen honetan. Gauzak horrela, martxoaren 6tik aurrera greba egingo dute, zerbitzua kudeatzen duen enpresa-elkarteak (FCCk eta GMSMk osatuta) zortzi langile kaleratu ostean.

Enpresa-batzordeak aho batez erabaki zuen greba mugagabea deitzea, eta astelehen honetan langileen ordezkariek babestu dute. Bozketa horretan langileen % 80ak parte hartu du, eta % 90ek greba egiteko erabakia babestu dute, sindikatuek jakinarazi dutenez.

Langileen ordezkariek hitzarmena betetzea eskatzen diote kale garbiketa-zerbitzuaz arduratzen den enpresa-elkarteari. Ildo horretatik, 364 langile arduratu beharko lirateke Gasteizko zabor-bilketaz.

Sindikatuen arabera, 44 lanpostu sortu beharko lirateke hitzarmena errespetatzeko. Gasteizko Udalak 23 milioi euro inguru ordaintzen ditu urtero zerbitzu horregatik.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak duela gutxi iragarri zuenez, garbiketaz arduratzen den enpresa-elkarteari espedientea irekiko dio, hitzarmena bete ez izana leporatuta.

Leticia Comeron Gasteizko PPko bozeramaileak alkatearen jarrera kritikatu du, eta zabor-bilketako langileek greba mugagabea egiten badute herritarrek ondorioak ordaindu beharko dituztela gaineratu du. Hala, arazo horren aurrean Udalak irtenbide bat bilatu behar duela esan du.

Beste alde batetik, hitzarmena ez betetzea eta langileak kanporatzea ?onartezina" dela esan du Aitor Miguel Gasteizko EH Bilduko zinegotziak. Ildo horretatik, Udalak urtean ia 23 milioi euro ordaintzen dituela gogoratu du.

Jorge Hinojal Gasteizko Podemoseko bozeramaileak, berriz, Udalak FCCri aurre egin behar diola esan du, besteak beste, kanporatutako langileak berriz kontratatzeko, enpresa-elkarteak atzera egin ezean lan-gatazkari irtenbide bat bilatzeko, greba hasten denean zerbitzu minimoak bermatzeko eta epaitegietara jotzeko.

Oscar Fernandez, Gasteizko Irabaziko zinegotziak babesa adierazi die langileei. Era berean, Udalak beste alde batera begiratu beharrean irtenbide bat bilatu beharko lukeela esan du, eta kanporatutako langileak berriz kontratatzeko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Grebak gaur Lana Gizartea Gasteiz albisteak Albisteak