Gizartea -

Loiuko aireportua

Norwegianek Bilbo eta Bartzelona arteko hegaldiak areagotuko ditu udan

Orain arte hiru hegaldi eskaintzen zituen astelehenetik ostiralera negu sasoian, baina udako asteburuetan ere zerbitzu bera emango du.

Loiuko aireportua. Argazkia: EFE
Loiuko aireportua. Argazkia: EFE
Loiuko aireportua. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegaldi merkeak eskaintzen dituen Norwegian hegazkin konpainiak gaur jakitera eman duenez, udara begira areagotu egingo du Bilbo eta Bartzelona elkartzen dituen lineako plazen kopurua; horrela, ia 270.000 eserleku eskainiko ditu.

Alfons Claver konpainiako Marketin zuzendariak gaur hedabideen aurrean jakinarazi duenez, Norwegianek orain arte negu sasoian astelehenetik ostiralera martxan zituen hiru hegaldiei, udako asteburuetan (larunbatetan eta igandeetan) eskainiko direnak gaineratuko zaizkie.

Horrenbestez, orain arte neguan astero 38 hegaldi eta 7.068 plaza eskaintzen bazituen, udan 42 hegaldi eta 7.812 plaza izatera pasako da.

Claverren esanetan, erabaki horrekin konpainiak sendotu egingo du Bilboko aireportuarekin duen harremana; izan ere, Bartzelona doan hegaldiaz gain, Tenerifera eta Oslora (Norvegia) doazen hegaldiak eskaintzen ditu Loiutik.

Ondorioz, Norwegianek 269.334 eserleku eskainiko ditu guztira udako sasoian Bilbotik: 242.178 Bartzelonara, 21.204 Tenerifera eta 5.952 Oslora.

Madrilera doan hegaldi bat eskaintzeko aukeraz galdetu diotenean, Claverrek erantzun du hori egiteko egun oztopo operatibo bat dutela: “Bilbotik aterako litzatekeen hegazkin bat izan beharko genuke”.

Horrez gain, adierazi duenez, gero eta hurbilago dago Bilbo New York edo Bostonekin elkartuko duen ibilbide bat egotea, nahiz eta ez duen horretarako data zehatzik aipatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportua Bilbo berriak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea