Gizartea -

Hondakinak

Birziklapena hobetzeko aplikazio bat aurkeztu du Arabako Foru Aldundiak

Etxeko hondakinak bereizi eta sailkatzeko orduan sor daitezkeen zalantzak argitzeko balio du tresna digital berriak, eta Araban birziklapena hobetzea du helburu.

Beira-birziklapena. Argazkia: EiTB
Beira-birziklapena. Argazkia: EiTB
Beira-birziklapena. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxeko hondakinak bereizi eta sailkatzeko orduan sor daitezkeen zalantzak argitzeko balio dezakeen tresna digital berri bat aurkeztu du Arabako Foru Aldundiak astelehen honetan. Bi helburu nagusi ditu: Araban birziklapena hobetzea eta horren inguruko kontzientzia zabaltzea.

InfoRecikla.eus telefono mugikorrentzako aplikazio bat da, eta ordenagailuentzako beste bertsio bat prestatu dute. Arabako Foru Aldundiak nabarmendu duenez, erabiltzaileentzat oso lagungarria izango da hondakin bakoitza zein edukiontzitara bota behar duten jakiteko orduan.

Zalantzak argitzeaz gain, puntu berde mugikorraren ordutegiaren berri emango du tresna digital berriak, eta erabiltzailea dagoen tokitik garbigune edo berrerabiltzekoen edukiontzi zurietara joateko biderik laburrena zein den ere zehaztuko du.

Astelehen honetan InfoRecikla.eus tresna digitala aurkeztu du Arabako Foru Aldundiak

InfoRecikla.eus telefono mugikorrentzako aplikazioaren aurkezpena.

Josean Galera Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua InfoRecikla.eus tresna digitalaren aurkezpenean izan da, eta birziklatze ohiturak hobetzera bultzatu du herritarrak.

Foru diputatuak emandako datuen arabera, “birziklatze ohituretan aurrera egitea premiazko beharra da”. Horren esanetan, edukiontzi grisera botatzen diren hondakinen erdiak organikoak dira, eta edukiontzi marroira bota litezke, konpost bihurtzeko.

Era berean, edukiontzi grisera botatzen den guztiaren % 18 ontziak dira, eta horiek edukiontzi horian sartu beharrekoak lirateke.

Paperari eta kartoiari dagozkien zifrak ere antzekoak dira: edukiontzi griseko hondakinen % 14k edukiontzi urdinean egon beharko lukete.

Oker gutxixeago egiten da beirarekin: edukiontzi griseko hondakinen % 5 inguru izan ohi da beira, Galeraren hitzetan, eta kezkagarritzat jo ditu zifra horiek.

Klima aldaketa leuntzeko, nork bere harri koskorra jartzeko aukera du, eta ziur naiz aplikazio honek arabarrei ekarpen hori egiten lagunduko diela”, esan du foru diputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Telefonia mugikorra Gizartea Gasteiz Gaurko azken ordukoa Ingurumena Aplikazioak Birziklatzearen albisteak Arabako Foru Aldundia azken ordukoa