Gizartea -

Estrasburgoren epaia

Enpresek langileen mezuak irakur ditzakete, baina aurrez ohartarazita

Errumaniako langile bati babesa eman dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Lanetik mezu pribatuak bidaltzeagatik kaleratu zuten, baina ez zuten ohartarazi.

Lana
Lana
Enpresek langileen mezuak irakur ditzakete, baina aurrez ohartarazita

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpresek langileen mezu pribatuak irakurtzeko dituzten ahalmen eta mugen inguruko jurisprudentzia ezarri du gaur Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (ECHR, ingelesezko sigletan). Lantokitik mezu pribatuak bidaltzeagatik kaleratu zuten Errumaniako langile baten auziaren behin betiko epaia eman du Auzitegiak, 2016an emandako beste bat zuzenduz.

Iaz Errumaniaren eta enpresaren alde agertu bazen ere, oraingoan langilea babestu du. Epaiaren arabera, Errumaniako auzitegiek ez zuten egiaztatu enpresak langilea behar bezala ohartarazi ote zuen, eta, beraz, ez zuten langileak bizitza eta mezu pribatuak izateko duen eskubidea "egoki babestu". Horrenbestez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua —bizitza pribaturako eskubidea babesten duena, hain justu— urratu zuten.

Epaia ez dute aho batez hartu, eta sei boto partikular egon dira, tartean Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren presidentearena.

Errumaniak 1.365 euro ordaindu beharko ditu epaiketaren gastuengatik.

Non dago muga?

Auzitegiaren esanetan, enpresek langileen mezuak zelata ditzakete, eta baita kaleratu ere, kontu pertsonaletarako erabiltzen badituzte. Hori bai, "berme guztiak jarri beharko ditu gehiegikeriak saihesteko". Horixe da muga. Hala, "langileen mezuak zelatatuko dituztela jakinarazi beharko dute enpresek aldez aurretik". Gaur emandako epaiak aztertu duen auzian, ordea, ez zen horrelakorik gertatu.

Barbulescuren kasua

Bogdan Mihai Barbulescu 36 urteko langile errumaniarraren kasua aztertu du Europako Auzitegiak. Barbulescu hiru urtez (2004tik 2007ra) ibili zen enpresa baten lanean, salmenta arduradun moduan. Nagusiak Yahoo Messenger sarean kontu bat zabaltzeko eskatu zion, bezeroekin hartu-emanak izateko.

2007ko abuztuan kaleratu zuten "enpresaren baliabideak norbere kontuentzat erabiltzeagatik"; izan ere, nonbait, "enpresako barne araudiak beren-beregi debekatzen zuen erabilera hori". Kaleratze hori justifikatzeko, hilabete lehenago laneko Messenger horretan atzemandako mezu pribatuak erakutsi zizkioten. Uztailaren 5etik 13ra ordenagailua zelatatu zioten, eta anaiari eta neska-lagunari osasunaren eta sexuaren inguruan botatako mezuak atzeman zizkioten.

Barbelescuk auzitara jo zuen, baina Errumaniako epaitegiek enpresari eman zioten arrazoia. Babes eske, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurrean salatu zuen auzia, eta horrek arrazoia eman dio azkenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Europa bideoak Lana Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea Giza Eskubideen Europako Auzitegia