Gizartea -

TANTA HOTZA

Bost pertsona hil dira Gaztela-Mantxan, Valentzian eta Andaluzian, euriteengatik

Ostiral gaueko azken orduan, Alacanteko Redovan herrian, 58 urteko gizon baten gorpua topatu dute.

Bi pertsona hil dira Albaceten, autoa urak eramanda. Argazkia: EFE
Bi pertsona hil dira Albaceten, autoa urak eramanda
Ehunka herritar ebakuatu dituzte Espainiako hego-ekialdean, euriteengatik

1:38

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bost pertsona hil dira azken orduetan Andaluzian, Valentzian eta Gaztela-Mantxan izandako euriteen ondorioz. Atzo, osteguna, bi pertsona hil ziren Caudete herrian (Albacete), ibilgailua urak eramanda, eta gaur beste hiru hil dira Almerian, Granadan eta Valentzian.

Ostiraleko azken orduan, Alacanteko Redovan herrian, 58 urteko gizon baten gorpua topatu dute, Vega Baja eskualdean, alegia, Valentzian kalterik handienak jasan dituen eskualdean. Gorpua 20:15ean topatu dute, eta gizona urek arrastatu dute, ibilgailutik irten eta kalea zeharkatu nahi zuenean; hala baieztatu diote Europa Pressi Alacanteko Guardia Zibilak.

Lehen orduan, aldiz, Almerian, beste lagun bat zendu da, tunel batean, harrapatutako auto baten barruan, euri-jasa baten ondorioz, Almeriako Udalak sare sozialetan jakitera eman duenez. Gerora, beste auto batetik, beste gorpu bat erreskatatu dute, Granadako Jamula herrian.

Atzo, osteguna, autoan zihoazen 61 urteko gizon bat eta 51 urteko emakume bat (anai-arrebak) hil ziren Albaceten, Caudete udalerrian, urak eramanda.

Astelehenetik Mediterraneoa astintzen ari den tanta hotza indarra galtzen hasi da, baina oraindik ere Alacant eta Valentzia probintziak alarma gorrian daude.

Gainera, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du Murtzian eta Almerian.

Hiru pertsona hiltzeaz gain, urak kalte material handiak eragin ditu.

Ibaiek gainezka egiteko arriskua handia da, eta, hori dela eta, ehunka herritar ebakuatu dituzte badaezpadako neurri gisa. Murtzian, esaterako, 440 pertsona ebakuatu zituzten atzo. Almerian, ostera, 70 pertsona erreskatatu dituzte gaur Gata lurmuturreko kanpin batetik (Nijar).

Bestalde, Andaluziako Juntak bertan behera utzi ditu eskolak Almeria hirian eta beste zortzi udalerritan. Alacant, Valentzia eta Castello probintzietako 132 udalerritan ez dute gaur eskolarik izango, eta Murtziako hezkuntza zentro guztietan utzi dituzte eskolak bertan behera.

Denboralearen ondorioz, Renfek bertan behera utzi du tren zerbitzua Valentzian, Alacanten, Murtzian eta Albaceten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Denboraleak bideoak Eguraldia Bilbao Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Uholdeak Goialdeko depresioa EAE gaur Valentzia albisteak Lurrikaretan hildakoak