Gizartea -

Koronabirusa

Test azkarrak eta PCR teknika: zertan dira desberdin eta nola funtzionatzen dute?

Azkarrak erabiltzeko errazagoak dira, eta emaitza 10-15 minuturen buruan ematen dute; PCR teknikak trebatutako langileak behar ditu, eta emaitza ordu batzuen buruan eskaintzen du.

Osasun-langile bat, Italian. Argazkia: EFE.
Osasun-langile bat, Italian
Osasun-langile bat, Italian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren kutsadura diagnostikatzeko, bi proba ari dira erabiltzen: PCR eta test azkarrak. Funtzionamendu desberdina dute, eta emaitza emateko behar duten denbora ere ez da berdina, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak azaldu duenez.

Test azkarrak erabiltzeko errazagoak dira, eta emaitza 10-15 minuturen buruan ematen dute; PCR teknikak, aldiz, trebatutako langileak behar ditu, eta emaitza ordu batzuen buruan eskaintzen du, ez segituan.

PCR teknika

PCR teknika (ingeleseko bere sigletatik datorkio izena) sarri erabili izan da infekzio-gaixotasunak diagnostikatzeko. Horren bidez, birusaren material genetikoaren zati bat detektatu ahal da; hain zuzen, birusaren RNAko zati bat.

Proba honetan, birusaren RNAko zati bat mugatu eta anplifikatu egiten da. Espezifikotasun eta sentsibilitate handiak ditu, eta kutsadura lehen faseetan ere atzemateko aukera ematen du. Hori bai, trebatutako langileek egin behar dituzte, konplexua baita, eta emaitza ordu batzuen buruan ematen du.

Inmaculada Casasek, Carlos III.a Osasun Institutuko Mikrobiologia Zentro Nazionaleko Birologia Arloko ikertzailea bera, ohar batean jakinarazi duenez, proba hori erabili da epidemiako lehen egunetatik; izan ere, test azkarrak ez dituzte hasieratik eskuragarri izan.

"Antigorputzak bereizi ahal izateko, kutsatutako gaixoen kopuru handia behar dugu; hori izan arte, ezin izan da garatu", nabarmendu du.

Test azkarrak

Test azkarrek birusaren aurka ekoitzitako antigorputzak atzematen dituzte; horretarako, odol-lagin bat edo arnas laginetan dauden birusaren proteinak erabiltzen dituzte.

Abantailak dituzte; izan ere, gaixoaren etxean egin daitezke, eta emaitzak 10-15 minuturen buruan ematen dituzte.

"Haurduntza-testek bezala funtzionatzen dute. Antigorputzak atzemateko, birusaren proteinak edo antigorputz espezifikoak 'itsatsita' dituen plataforma bat erabiltzen du", azaldu du ikertzaileak.

"Baliabide azkar hauei esker, herritarren baheketa hobetu ahal izango da; PCR analisiak bakarrik egin ahalko zaizkie sintomak dituzten baina test azkarrean negatibo ematen duten pazienteei. Horrela, Osasun Sistema Nazionaleko zenbait profesional eta baliabide liberatu ahalko dira", amaitu du. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur