Gizartea -

Kukutza, itxita

Epaileak gaur erabakiko du Kukutza eraitsi ala epaiketa egin

Bi aldeen adierazpenak entzun ostean, epaileak erabakia hartuko du: eraikina bota edo Kukutzaren aldekoek eskatzen duten moduan epaiketa egin.

Auzokideak eta Udaleko ordezkariak epailearen aurrean eseri dira

01:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errekaldeko bizilagunak epailearen aurrean agertu ziren atzo Kukutza gaztetxea botatzeko erabakiaren kontrako epaiketa bat eskatzeko eta Bilboko Auzitegiak gaur erabakiko du gaztetxea eraisteko baimena ematen duen ala epaiketa abiarazten duen. Epaiketa horretan eraisketak Hiri Ordenamenduaren Arau Orokorra urratzen ote duen ebatziko litzateke.

Euskal Sortzaileak izeneko kolektiboak, bere aldetik, prentsaurrekoa emango du Errekalde plazan 11:45ean ta bertan izango dira euskal kulturako hainbat ordezkari.

Gaztetxearen eraikina orain dela urte batzuk okupatu zuten eta gazte lokal moduan erabili da orain arte.

Ordea, jabeak eraikina berreskuratzea eta, bota ostean, etxeak eraikitzeko erabakia hartu zuen. Udaletxeak eraikina botatzeko baimena eman zion eta Kukutza jendez husteko agindua sinatu zuen epaile batek.

Bilboko auzitegiak gaur erabakiko du zer egin Kukutza gaztetxearekin.

Arkitektoek eraikinari buruzko txostena egingo dute

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak iragarri du txosten bat osatzen ari dela eraikinaren balioaren inguruan eta Kukutzaren egoeraz. Elkargoak azaldu duenez, "sortu berri den egoeragatik" erabaki dute txostena egiten hastea.

Mantendu behar da

Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen arabera, Kukutza gaztetxearen eraikina udal-plangintzak babestea aurrikusten dituen eraikinen artean jasota dago.

Horrez gain, deitoratu du "gaur gaurkoz, bi aldeen arteko konponbiderik" aurkitu ez izana eta eraispena bertan behera geratzea eskatu du, eraikinerako bestelako proiektu bat egin arte.

Gaztetxea jendez hustea

Ertzaintza Kukutza Gaztetxean sartu zen asteazkenean jendez husteko, eraikina botatzeko agindua jarraituz. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren agenteak 05:30ak aldera joan ziren Errekalde auzora eta bizilagunen eta Kukutzaren aldekoen erresistetziaren aurrean, kargatu eta gomazko bolak jaurti zituzten. Gaztetxearen bozeramaileen hitzetan hamaika zauritu daude ekintza polizialaren ondorioz.

Bere aldetik, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak esan du, Bilboko Kukutza gaztetxea ixteko operazioan eta ondoren izan ziren protestan, "kale borroka zirudien indarkeria" ikusi zuela eta "badakigu nondik ateratzen den hori guztia".

Bilboko alkateak Bilduri leporatu dio Gaztetxearekin sortu den "arazoa elikatzea" eta Ertzaintzaren jarduna babestu du.

Ertzaintzak Errekalden egindako operazioa "proportzionala" izan dela defendatu du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Gainera, ertzainek "profesionaltasunez ekin" dutela nabarmendu du sailburuak.

Bilduren erantzuna Azkunari

Bilduk erantzun egin dio Bilboko alkateari eta "Kukutzaren atzean" ez, "Kukutzaren alboan" dagoela esan du.

Donostiak Ertzaintzaren lana salatu du

Donostiako Udalak Ertzaintzak gaztetxea husteko izan zuen jarrera salatu du. Prentsaurreko batean, Asier Jaka Partehartze zinegotziak elkartasuna eta babesa helarazi die urtetan Kukutza "sortzeko lanean aritu direnei", Errekalde auzoko herritarrei eta Bilboko herri-mugimenduari.

Manifestazioa, epaitegietan

Kukutzako zaleek eta kideek manifestazioa egin zuten Bilboko epaitegien aurrean. Manifestazioan Oskar Matute, Ana Etxarte eta Aitziber Ibaibarriaga Bilduko ordezkariak izan ziren.

Ertzaintzak ehunka manifestarien aurka kargatu zuen eta atxilotu bat izan zen, Radio Euskadik jakinarazi duenez.

Protesta eguna

20:00etan abiatu zen atzo Errekalde auzoan, Kukutzaren aldeko manifestazioa. Lagun askok egin zuten bat deialdiarekin, eraikina bota ez dezaten eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea