Gizartea -

Bilboko Udala

Bozeramaileen Batzordeak Kukutzako istiluak 'gaitzetsi' ditu

Bildu abstenitu da testuak "gai honetan alkateak izan duen erantzukizuna jasotzen ez duelako". EAJk, PSEk eta PPk gaitzespen adierazpen honen alde bozkatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Kukutzaren eraispenaren ondoren izandako istiluak "gaitzesteko" adierazpena onartu dute. EAJk, PSEk eta PPk gaitzespen adierazpen honen alde bozkatu dute. "Kukutzako proiektuaren taldeari indarkeria ekintza guztietatik aldentzeko eta gaitzesteko" eskatu dio Iñaki Azkuna Bilboko alkateak

Halaber, testuak "indarkeria erasoak pairatu dituzten Errekaldeko auzokideei, ostalariei eta dendariei babesa eta elkartasuna" erakutsi die eta baita "azken egunetan erasoak eta mehatxuak jaso dituzten lagunei eta elkarteei".

Bildu: 'Gertaerak larriak dira, oso larriak'

Txema Azkuenaga Bilboko Udalean Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, alderdi honek uko egin dio gaitzespen testu honi sinatzeari, "jazoeraren gaineko irakurketarekin bat" egiten ez dutelako. Honen esanetan, adierazoen honek ez du jasotzen "gai honetan alkateak izan duen erantzukizuna". Gainera, Ertzaintzak erakutsitako indarkeria salatu du.

Bilduko ordezkariak azpimarratu duenez, "gertaerak larriak dira, oso larriak". "Testua eman digute baina edukiari dagokionez, ez geunden jakinaren gainean", azaldu du. "Bilboko kaleetan milaka bilbotar izan ziren, haserre bizian, protesta egiten", gaineratu du. "Bildu ez dago mugimendu honen atzean", nabarmendu du Azkuenagak.

"Bildu Kukutzaren proiektuaren alde dago eta horregaitik joan ginen Errekaldera eta bertan gauza asko ikusi genituen, Bozeramaileen Batzordekoek ikusi ez dutena", esan du.

Kalteen zenbaketa

Alkateak azaldu duenez, ostiral gauetik larubat goizaldera bitartean 600 zaborrontzi irauli eta beste 57 erre dituzte. Halaber, bost ibilgailuk eta Alde Zaharreko eta Errekaldeko batzokiek kalteak jaso dituzte.

Azkunak "Ertzaintzak izandako jarrerari" babesa erakutsi dio. Honen iritzian, "ez zen aisialdiko bidaia bat izan, epaile batek agindutakoa baizik eta bere betekizuna bete du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea