Gastronomia -

BCC

Abian da Donostiako Basque Culinary Center

Asturiasko printze-printzesak joan dira ekitaldira eta horregatik, Aldundiak eta alkateak ez dute ekitaldian parte hartu, Euskal Herriaren "ukazioaren ikur" direlako.

Basque Culinary Center. Argazkia: EITB
Basque Culinary Center.
Abian da Donostiako Basque Culinary Center

03:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur inauguratu dute Donostian Basque Culinary Center gastronomia-zientzien lehen fakultatea. Mundu osoko lehen titulu unibertsitarioa eskainiko du fakultate horrek gastronomia alorrean.

Gipuzkoako Aldundiak esana zuen ez zuela ordezkaritzarik bidaliko goizeko ekitaldira, Asturiasko printze-printzesak bertan izan direlako eta Euskal Herriaren "ukazioaren ikur" jotzen dituelako. Martin Garitano, Bilduko ahaldun nagusia arratsaldean izango da egoitza berrian, inaugurazio soziala egiten denean.

Basque Culinary Center gastronomiari eta elikadurari eskainitako lehen fakultate europarra da eta Miramonen eraiki dute. 320 hautagairen artean aukeratutako 56 ikaslek hasiko dute kurtsoa urriaren 3an. Ia erdiak, 23, Euskal Autonomia Erkidegokoak izango dira, beste 27 Estatuko beste autonomia erkidegoetakoak eta gainontzeko seiak Mexiko, Kolonbia, Txina, Venezuela, Frantzia eta Errumaniakoak.

Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen gradua emango zaie lau urteko karrera egiten dutenei, Boloniako araudira egokituta. Hori batetik; bestetik, sukaldaritza eta elikagaiekin lotutako teknikak ikertzeko zentroa ere izango da BCC.

 

Sukaldariak eta erakundeetako ordezkariak

Asturiaseko printze-printzesek eta Patxi Lopez lehendakariak parte hartu dute goizeko inaugurazio ekitaldian, besteak beste. Martin Garitano ahaldun nagusia ez da bertan izan, Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez, Espainiako printze-printzesak "Euskal Herriaren ukazioaren ikur" direlako. Arratsalde partean izango den inaugurazio-ekitaldi sozialean izango da Garitano, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin batera.

Asturiaseko printze-printzesekin batera, besteak beste, Patxi Lopez lehendakaria, Cristina Garmendia Berrikuntza eta Zientzia ministroa, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Mikel Cabieces Gobernuko ordezkaria eta Iñaki Arriola eta Isabel Celaa sailburuak izan dira hasiera ekitaldian.

200 bat gonbidatu izan dira, erakundeetako, unibertsitateko, enpresetako, teknologiako eta kulturako ordezkariak gehienbat. Horrela, Jose Maria Aldekoa Mondragon taldeko presidenteak, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Ganberako presidenteak parte hartu dute.

Antonio Basagoiti, Borja Semper, Iñaki Oyarzabal eta Javier de Andres PPko politikariak, eta Markel Olano eta Eneko Goia jeltzaleak, eta Ernesto Gasco Garraio sailburordea eta Pilar Zorrilla eta Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo arduradunak bertan izan dira.

ELAk eta LABek elkarretaratzea egin dute inaugurazio unean, zentroko lanetan ez dela Gipuzkoako eraikuntzako lan-hitzarmenik errespetatu salatzeko.

 

Inaugurazioaren bigarren zatia

Cristina Garmendia Berrikuntza eta Zientzia ministroa besarkatu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak arratsaldean, Basque Culinary Centerreko (BBC) inaugurazioaren bigarren zatian. Goizeko ekitaldian ez du parte hartu Garitanok, Asturiaseko printze-printzesekin ez elkartzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "bere garaian" azalpenak eman zituela gogorarazi du Garitanok.

Ahaldun nagusiak azaldu duenez, Aldundiak "zentroan eta egitasmoan" sinesten du eta horregatik "bultzatzen ari" da. Horregatik, arratsaldeko ekitaldian izatea erabaki dute, gaineratu du.

Adierazpen horiek egin ostean, Garitano BBCko auditorioan sartu da. Inaugurazioaren bigarren zatian 200 bat lagun izan dira. Gastronomia sektorearekin loturiko pertsonek eta fakultate berriaren diseinuan eta egitasmoa martxan jartzen lagundu duten profesionalek parte hartu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea